Urteko Batzar Nagusia egin zuen Euskaltzaleen Topaguneak

bn2015Batzar Nagusi bikoitza izan arren, arina eta laburra izan zen joan den ostiralean, apirilaren 17an Durangon egindako bilkura. Bikoitza diogu, urtero egiten den Ohiko Batzar Nagusiaz gain, estatutuak aldatzeko proposamenak egonik, Ez-Ohiko batzarra ere gehitu baitzitzaion hitzorduari. Edonola, aurreko hilabetean batzarra prestatzeko lurraldez-lurralde izandako bost bileretan gaiak aurreratzeak asko lagundu zuen bilera arina izan zedin.

Azken bi urteotan lehenetsitako lan-ildo nagusietan jarri dira 2015 urterako erronka nagusiak ere eta Elena Lakak zein Jasone Mendizabalek kontzeptu beretsuak azpimarratu zituzten egitasmo berrien kokapenean: mugimendua sortzea, sentsibilizazio lanaren lehentasunari eustea, plaza irabaztea, herritarren sostengua eta hizkuntza politikatan eragitea, besteak beste. Egitasmo berriak ere aurkeztu ziren, udaberrian bertan martxan jarriko den “eta hau zergatik ez euskaraz?” kanpaina, berbarako.

16997839188_904fbe068a_zBatzarrean euskaltzale aktiboak antolatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen Topaguneak, beraz. Izan ere, euskaraz bizi ahal izateko urratsak hizkuntza komunitate aktibo eta artikulatu baten eskutik soilik etorriko da eta euskaltzaleen mugimenduak funtzio argia du horretan.

Azken urtean Ipar Euskal Herriko mugimendu euskaltzalearekin izandako harremanaren eta Euskaltzaleen Topaguneak bertoko elkarteekin egindako lana ere aipatu zen batzarrean. Dinamika interesgarriak sortzen ari dira eta epe laburrean dinamika horien lehen emaitzak ikusi ahal izango direla espero da.

Aurtengo TopaEguna Lasarte-Orian ospatuko dela ere gogoratu genuen. Urriaren 17an izango da hitzordua eta Ttakun euskara elkartearen eskutik antolatuko da.

 

bn2015_mahaiaKide berriak

Aurtengo batzarrean bazkidetza mota berri bat onartu da Euskaltzaleen Topagunean. Herri edo eskualde zehatz bati lotuta ez dauden euskaltzaleen elkarteei zabaldu zaie Topaguneko kide izateko aukera. Bazkide lagunak izango ditugu beraz oraindik aurrera. Eta lehen bazkide laguna ere onartu genuen batzarrean: Euskara Kultur Elkargoa.

Beste bazkide bati ere ongi etorria eman genion batzarrean, Irungo Betti Gotti Euskara Kultur elkarteari.

Azkenik Zuzendaritza Batzordea berritzeko ere baliatu genuen urteko batzarra. Azken urteotan zuzendaritzakide izandako bi kidek bukatu dute bere kargualdia, Julen Arexolaleiba eta Ainhoa Urretagoienak. Kide berri bat gehitu zaio zuzendaritzari: Mikel Arrasate Atarrabiarra.