Udazken betea

Bete-betea datorkigu 2013ko udazkena Euskaltzaleen Topagunea osatzen dugunoi. Urtero-urtero herriz herri ohikoak diren ekimenei, mugimendu modura aurreikusiak ditugun ekintza berriak gehitu dizkiegu aurten eta gogotsu ekingo diogu udaldiaren osteko lau hilabeteari. Hiru ekimen ekarri nahi ditugu gogora: 

 

 

TopaEguna

Soraluzen egingo dugu irailaren 28an TopaEguna. Deba bailarako euskaltzaleen elkarteak buru belarri dabiltza egunaren prestaketan eta egitarau zabala izango du. Bi helburu nagusi izango ditu egunak: euskaltzaleentzako jai giroko topagune bat (euskaltzaleentzako zein elkarteentzako harreman eta trukerako gunea) eta mugimenduarentzako aldarrikapen egun bat izatea (hizkuntza komunitatearen eta euskararen garapenaren inguruko ikuspegi propioa hedatzeko aukera). Programan beraz, euskaltzale elkarteetako ordezkarien ekitaldi publikoarekin batera, jaia, euskalduntasunaren aldarria, aisialdiko proposamen berriak eta musika uztartuko dira.

 

 

“Euskarak 365 egun” ekimena

Udazkenaren bukaeran jarriko dugu “Euskarak 365 egun” ekimena. Berbaro taldeak azken bi urteetan egindakoa oinarri modura hartuta, Euskal Herri osora zabaldu nahi genuke kanpaina bat baino gehiago izan nahi duen ekimen hau. Azaroaren azken astea eta abenduaren lehena markatu ditugu egutegian eta bi asteotan euskaltzaleen elkarteek “euskarak 365 egun” mezua kalera ateratzea nahi dugu. Azken asteotan helarazi dugu ekimenean parte hartzeko proposamena mugimenduko elkarte guztietara eta uztailean zehar neurtu nahi dugu zenbat eskualdetara zabalduko den.

 

 

Herrietako euskalgintza janzten sakontze diploma

Herrietako euskalgintzan ari diren lagunentzako ikasturte osoko formazioa jarriko da martxan urritik aurrera. Topaguneak eta HUHEZIk antolatutako sakontze ikastaroa da eskaintzen dena eta teoria praktikarekin uztartzea  da helburua, hamarkadatan sortutako jakintzaren transmisioa ekimen berrien sorrerarekin uztartzea. Aurre-matrikulazioa martxan dago jadanik.  Informazio gehiago lortzeko Topagunera jo daiteke edo ondoko eskuorria (pdf) eskuratu.