Udarako planik bai? Zatoz Etxalarrera!

Joan den apirilean, Euskal Herriko hainbat txokotatik joandako 50 bat mintzalagun Etxalarko Mokorreko Borda baserrian elkartu ziren. Egindako bi topaketen helburua, herri desberdinetako mintzalagunak harremanetan jartzea izan zen, gainontzekoen errealitatea ezagutu eta lagun berriak egiteaz gain, euskaraz gozatzeko aukera izanik. Horretarako, hainbat ekintza egin zituzten, hala nola ibilaldiak, sukaldaritza eta masaje tailerrak, herriko etxeen historia ezagutu, kantugintza eta abar.

Mintzalagunek eta Mokorreko Borda baserriko kideek oso balorazio positiboak egin zituzten, primeran pasatzeaz gain oso esperientzia aberasgarria izan zutelako. Batek baino gehiagok esaten zuen errepikatzeko moduko plana zela… eta hementxe daukagu aukera!

Etxalarko Mokorreko Borda baserriko lagunek 10 eguneko bi egonaldi antolatu dituzte uda honetarako.

  • Lehena, uztailaren 18tik 28ra.
  • Bigarrena, abuztuaren 22tik irailaren 1era.

Euskaraz aritu eta bizitzeko gogoa daukan edozein izango da ongi etorria barnetegian.  Hamar eguneko egonaldia 375€ baino ez dira, lotarako tokia, otorduak eta ekintzak barne. Zer egin daiteke bertan? Denetarik! Inguruko txokoak ezagutu, tailerrak, euskal kantu eta dantzak, mitologia, sendabelarrak… Udarako planik ez badaukazue, aukera bikaina da hau!

Izena emateko bi modu dituzue:

Etxalarko Mintzapraktikarako Barnetegia

* Informazio gehiago, etxalarkobarnetegia.blogspot.com webgunean edo arrate@topagunea.org helbidean.