Udaltopek hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak jasoko ditu maiatzaren 11 eta 12an

Aterako gara euskal herritarrok hizkuntzaren armairutik? Nola uztartu gizartearen aktibazioa eta hizkuntza ohituren aldaketa? Hizkuntza ohituren gaia aukeratu du Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketak bederatzigarren ediziorako. Gaia aukeratzeko garaian, han eta hemen egin diren, egiten ari diren eta egin nahi diren esperientzia berriak izan dira hari mutur nagusiak. Eta esperientziekin batera, orain arte egin diren ikerketen berri ematea da topaketaren antolatzaile diren Lasarte-Oriako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren asmoa.

Zer dira ohiturak? Eta hizkuntza ohiturak? Hizkuntza portaerak aldatzeko ekimen sozialek lagunduko al lukete euskararen erabilera areagotzen? Galdera horiei eta antzeko beste galderei erantzuna ematea izango da aurtengo erronka. Hitzordua, berriz, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean, 2017ko maiatzaren 11n eta 12an.

“Ohartu gara azken aldian hizkuntza ohiturak aldatzeko xedez esperientzia ugari eman direla. Horrelako asko, gainera, gizarte eragileen esparrutik etorri dira. Esperientzia horiek guztiak hizkuntzaren normalizazioan diharduten arduradun tekniko, politiko eta gizarte mugimenduetako ordezkariei nola mamitu diren azaltzea interesgarria iruditu zaigu”. Horrela arrazoitu du Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Euskara Sustatzeko zuzendariak aurtengo gaiaren aukeraketa.

Ostiraleko saioari arreta berezia jarri dio Euskara Sustatzeko zuzendariak.  Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Euskaltzaleen Topagunea elkarrekin gauzatzen ari diren proiektu baten berri emango baitute. “Proposamen bat da. Hain zuzen, Euskal Herriko herri guztietan hizkuntza ohiturak eta gizarte aktibazioa elkarrekin lantzeko”, laburtu du. Proposamenaz haratago, Udaltopeko partehartzaileek bere ekarpenak egiteko aukera izango dutela iragarri du “horretara bideratuko den ekarpen-saioan”.

Erreferentziazko topaketa

Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendari Nagusiak Udaltopen balioa azpimarratu, eta bederatzi urteko ibilbidean erreferentziazko topaketa bihurtu dela nabarmendu du: “batetik, egunerokoan langai ditugun horiei erantzunak ematen ahalegintzen delako eta guztiok egiten dugun lana hobetzea bilatzen duelako; eta bestetik, publikoaren fideltasuna lortu duelako. Udaltop galdu ezineko zita bihurtu da, euskara teknikarien topagune. Apurka-apurka esparrua zabaltzea eta publiko berria gureganatzea nahiko genuke”.

Irizarrek azaldu duenez, gaiak hautatzeko garaian irizpidea “udalerri mailan aplikagarriak diren gaiak edota esperientziak jasotzea da”. Zentzu horretan, aurtengo gaia “erakargarria” dela uste du, eta partehartzaileen interesa piztuko duelakoan dago.

Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakariak Udaltopek betetzen duen beste ezaugarri batean jarri du arreta. Bere hitzetan, “topaketa hausnarketarako plaza da eta horrek balio erantsia ematen dio. Egiten ari garenaz hausnartzeko, eta batez ere, egiten ari garen hori nola hobetu hausnartzeko. Eta bide batez, esperientziak trukatzeko eta elkarlanak abiatzeko”.

Hutsune hori betetzeko sortu zuten Udaltop orain bederatzi urte, eta Antxordokiren hitzetan, “bete-betean asmatu da. Udaletako Euskara Zerbitzuen lanaren asmo bat hizkuntza biziberritzeko baliabideak jartzea da. Bakoitza bere testuinguruan mugitzen da, zerbitzu bakoitza ezberdina delako. Baina finean, arazo oso berdinak dauzkagu. Udaltopek urtean behin biltzeko aukera ematen du, eta komunean dauzkagun arazoak, kezkak edota irtenbideak mahai gainean jarri eta horien inguruan aritzea oso interesgarria da, eta zerbitzu bezala aberastu egiten gaitu”.

Hitzaldiak eta mahai inguruak

Beste urtebetez erronka bete nahian, antolamendu batzordeak egitarau oparoa osatu du. Orotara, bost hitzaldi, bi mahai-inguru, proposamen berri baten aurkezpena eta proposamenari egindako ekarpenak jasotzeko saioa, bideo emanaldi bat eta amaiera ekitaldia izango ditu.

Arestian aipatu dugun proposamena aurkezteaz gain, bi egunetan bost hitzaldi entzuteko aukera izango da. Hizkuntza ohiturak aldatzeko bi esperientzien berri emango da: Aguraingo 75 ordu euskaraz eta Lasarte-Oriako Baietz 40 egun euskaraz. Lehenengoaren kasuan, esperientzien berri emango da eta bigarrenean, berriz, esperientziarekin batera gauzatu den ikerketaren emaitzak aurkeztuko dira.

Beste hiru hitzaldiak hausnarketak izango dira, hirurak soziolinguistikaren ikuspegitik. Horretarako hiru aditu gonbidatu dira: Miquel Strubell ibilbide oparoko Kataluniako soziolinguista, Estibaliz Amorrortu Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Xabier Aierdi EHUko soziologoa. Strubellek hizkuntza ohituren aldaketen testuingurua aztertuko du, “errealitateak eta mitoak”; Amorrortuk hiztun berriak eta hizkuntza ohituren aldaketa; eta Aierdik, ulermenaren mapa izango du hizpide, hau da, euskaraz hitz egiteko gai diren eta euskaraz ulertzeko gai diren herritarrekin osatutako mapa.

Aurreko edizioan hartutako bideari segida emanez, mahai-inguruak izango ditugu osteguneko bazkalostean. Onintza Iruretak eta Garikoitz Goikoetxeak gidatuko dituzte, hurrenez hurren Argiako eta Berriako kazetariak. Bi gai jorratuko dira: hizkuntza ohiturak aldatzeko esperientziak eta halako esperientziak beste esparrutan aplikatzeko bideka. Partehartzaileek mahai-inguru bat edo beste aukeratu beharko dute izena ematerako garaian.

Izen-ematea

Udaltop Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatzen dute EUDEL eta UEMAren laguntzarekin. Bederatzigarren edizioa Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean egingo da, maiatzaren 11n eta 12an.

Prentsa agerraldian aurreratu dutenez, izen-ematea apirilaren 3an zabalduko da. Matrikulazioa www.udaltop.eus webgunean egin behar da, izen-ematea atalean. Prezioa 65 € da, eta izen ematea apirilaren 28an itxiko da. Prezio horren barruan sartzen dira: jardunaldien saioetako partaide izateko eskubidea, hasieran banatuko den materiala, bi egunetako aho-gozagarriak eta osteguneko bazkaria.

Iturria: udaltop.eus