Udalbiltza eta Topagunearen arteko hitzarmena

Udalbiltza eta Euskaltzaleen Topaguneko presidenteek, Mertxe Aizpuruak eta Mikel Irizarrek hurrenez hurren, lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian, Donostian. Hitzarmenaren bidez Udalbiltzak, bere Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren bidez, Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herri osoko euskaltzaleak aktibatu eta saretzeko egiten duen lana babestu nahi izan du, lan hori garatu ahal izateko finantzazioa bideratuz.

Hitzarmena 2

Bi egitasmotan zehaztu da Udalbiltzak Euskaltzaleen Topaguneari emandako laguntza: Topaguneak Ipar Euskal Herriko euskaltzaleen elkarte antolatuekin sare lana zabaltzeko egitasmoan, batetik, eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan euskaltzale elkarteek bultzatutako “Euskarak 365 egun” ekimenaren garapenean, bestetik. Izan ere, bi egitasmo hauek euskaltzaleen mugimendua hazi eta indartzeko garrantzitsuak direla azpimarratu dute lankidetza hitzarmen hau sinatu duten erakundeetako presidenteek.

Topaguneak, Euskal Herri osoko euskaltzaleen elkarteak saretzeko helburuarekin sortutako erakundeak, sortu zenetik Hego Euskal Herrian egindako bidea oparoa izan dela azaldu du Mikel Irizar Topaguneko presidenteak; urteotan guztiotan lau lurraldeetan euskaltzaleen mugimendua asko garatu da. Mugimendu honek Ipar Euskal Herrian hedapen murritzagoa izan duen arren, azken urteetan gero eta euskaltzaleen elkarte gehiago sortzen ari direla nabarmena izan da eta Topaguneak apustua egin nahi izan du sarea osatu eta Euskal Herri osoko euskaltzaleen arteko harremanak indartzeko. 2013 eta 2015 urteen artean garatuko den lan horretarako Udalbiltzaren laguntza behar beharrezkoa dela azaldu du Mikel Irizarrek eta hurrengo hilabeteetan lehen emaitzak jasotzeko itxaropena duela aurreratu du.

Agerraldia baliatu du Topaguneak aurten martxan jarritako “Euskarak 365 egun” ekimenaren lehen balorazio bat egiteko. Euskaltzaleen elkarteen mugimenduak bultzatutako ekimenak helburu nagusiak bete dituela azaldu du Irizarrek, euskaltzaleak plazara irteteko deia zabaldu baita eta euskaltzaletasuna euskaraz bizitzeko konpromisoarekin lotu baita.

Bi egitasmoen finantzaziorako 5.000 euroko diru-laguntza bideratu du 2013 urtean Udalbiltzak, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren bidez.

Mertxe Aizpurua (Udalbiltzako lehendakaria)

Mertxe Aizupuruak, Udalbiltzako lehendakariak ondokoak aipatu ditu bere hitzaldian:

“1. Udalbiltzak Topagunearekin egindako hitzarmen hau, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren baitan kokatzen du; hain zuzen, Fondoaren ‘Euskal Herria Sendotzen’ programaren baitan. Udalbiltzaren tresna honen egitekoen artean dago nazio garapena sustatu eta Euskal Herrian babesa eta aitortza behar duten eremuetara nazio elkartasuna bideratzea.

Izan ere, gurea Herri ukatua eta desegituratua da, erabaki arrotzek behartutakoa, eta nazio gisa garatzeko eragozpen handiak ditugu.

Zorionez, bada entitaterik nazio garapenari lotuta denik. Udalbiltzak haiei dagokien aitortza instituzionala eman nahi die. Sustapen laguntza eta ekarpen ekonomikoa ere sartzen dira Fondoaren ‘Euskal Herria Sendotzen’ programa honen baitan.

Hitzarmena3

Ondorioz, nazio eragileekin hitzarmen estrategikoak sinatzea da helburua.

Joan den irailean jarri genuen abian aipatutako programa, aurkezpena eginda, eta orduan bertan lehen hitzarmena izenpetuta; Gaindegiarekin –Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiarekin– sinatu genuen. Aste honetan, berriz, jakinarazi dugu Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin ere hitzarmena sinatuko dugula, eta orain Topagunearekin lortutako akordioaren berri ematera gatoz.

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra da Udalbiltza, aurtengo martxoan berrantolatu da, eta nazio eraikuntza eta nazio egituraketa ardatz hartuta ari gara bidea egiten, gero eta eragile, udal eta bestelako instituzio gehiagorekin. Gaurkoa da beste adibide bat.

2. Jakina, euskarari berebiziko garrantzia ematen diogu. Udalbiltzaren Nazio Gobernuak, 2013-2015eko plangintzaren baitan, euskararen transmisioa eta erabilpen soziala sustatu nahi ditu eragileekin elkarlanean, eta, era berean, euskara ofiziala ez den lurraldeetan hizkuntz politikan eragin nahi du. Topagunearekin dugun akordio honek bi arlo horiek jasotzen ditu: ‘Euskarak 365 egun’ ekimenaren bidez, euskaraz bizitzeko konpromisoa; eta euskara ofiziala ez den Ipar Euskal Herrian, bertako euskaltzaleen elkarte antolatuekin sare lana zabaltzea.

Testuinguru horretan kokatu behar dugu, beraz, Topagunearekin egindako hitzarmena, baita joan den astean Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin izaniko bilkura, Errigora herri ekimenari emandako bultzada, Alozeko ikastolari luzatutako diru laguntza edota Uemarekin uztailean egindako bilera ere.”