Topagunea oporretan udazkena indartsu ekiteko

Iritsi da uda eta oporrak hartuko ditugu Euskaltzaleen Topaguneko kideok abuztuan. Azken urtea ezohikoa eta betea izan da eta atsedenaldia hartzeko garaia heldu da. Indarberrituta eta gogotsu bueltatuko gara irailean, ez baitira makalak udazkenerako eta ikasturte osorako ditugun erronkak. Urte luzez martxan izan diren egitasmoak eta ekimen berriak izango dira Euskaltzaleen Topagunetik hurrengo hilabeteetarako aurreikusitakoak.

Irailetik aurrera erronka handiak ditugu

Iraila ikasturte osoko egitasmoak abiatzeko hilabetea izango da. Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko kanpainari ekingo diogu hilabete bukaeran, esaterako. Azken urteotan 7.000 mintzalagunetik gora egon dira Euskal Herri osoan martxan dauden mintzapraktika egitasmoetan. Azken urtean aurrez-aurrekoa eta sare bidezko funtzionamendua uztartu behar izan da pandemiaren eraginez. Irailetik aurrera milaka bidelari eta bidelagun espero ditugu berriro ere asteroko dinamikan euskararentzako harreman sareak biderkatzen. Mintzakuadrilak egitasmoa eta mintzapraktika programen bestelako aldaerak ere abiatuko dira irailetik aurrera.

Auzoko egitasmoan ere izen-emate garaia izango da iraila eta urria. Zortzi herritan dago gaur egun martxan euskaratik urrunago egonik, euskararen komunitatera gerturatu nahi duten auzokideak eta euskaraz bizi diren eta beste komunitateetako kideekin harremana euskaraz egin nahi duten auzotarrak saretzen dituen ekimena. Urtarrilean egin genuen Topaldian aniztasuna gure jardueran txertatzearen garrantziaz aritu ginen eta udazkenetik aurrera jauzi berri bat ematen hasiko gara, aniztasun egitasmoak gero eta gehiago hedatu daitezen eta euskalgintzan gaiak duen garrantzia har dezan. Auzokorekin batera jatorri ezberdineko familien arteko harremanak lantzeko Hurbiltzen egitasmoa, gazteekin egiten den mentoretza programa eta aniztasunari lotutako bestelako ekimenak ere martxan jarriko dira berriz.

Agendan gordetzeko eguna izango da urriaren 14a. Iruñean jardunaldia egingo dugu euskararekiko jarreren inguruan gogoeta egiteko. Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzea ipar modura jarrita, hainbat arlotako hizlariak izango dira jardunaldian.

Kultur arloan eta aisialdirako proposamen ugari

Udazkena Euskaltzaleen Topaguneko kultur egitasmoetako asko loratzeko garaia izaten da. Aurtengoa ez da salbuespena izango. Pandemiak eragin handia izan du kultur ekitaldi eta programetan eta hurrengo hilabeteetan ez da eragin hori guztiz desagertuko. Oraindik ere garai berriotara moldatutako kultur programazioa izango dugu, baina presentzialtasuna ahalik eta gehien berreskuratzen joango gara.

Ikus-entzunezkoen eremuan hiru hitzordu garrantzitsu izango ditugu. Kameratoia izango da horietako bat, urtero egiten den gazteentzako ikus-entzunezkoen rallya. Azkenengo urteetan egin izan den modura, Lekeitioko Zine Bilerarekin elkarlanean antolatuko da rallya, azaroan. Lekeitioko Zine Bileran ezagutuko da, era berean, aurtengo Benito Ansola sariketako irabazlea. Oraindik ere proiektuak aurkezteko denbora dago, irailaren 19ra arte. Azkenik, Durangoko Azokan ere izango gara abenduaren 3tik 8ra, urteak euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntzan eman duena Irudienea gunean erakusteko.

Udagoieneko Ostera ere gertu dago. Prestaketa lan aurreratuak ditu jadanik aurten ere berezia izango den Bizkaiko kultur zikloan. Kultur Errota zirkuitua martxan da bestetik, eta abuztuko eten laburraren ondoren berriro ere biraka hasiko da. Kultur arloan gainera, buru belarri ari dira hurrengo Topaldia prestatzen eta udazkenean aurrelanetan arituko dira.

Bestelako kultur eta aisialdi egitasmoak martxan izango dira, era berean, irailetik aurrera, Nafarroako 3blai egitasmoa, besteak beste.

Aktibazioa ipar

Abenduan Euskaraldiaren bigarren edizioa amaitu zenetik hurrengo edizioan pentsatzen eta prestatzen ari gara jadanik. Aurten ez da bi urtean behin egiten dugun ariketa sozial handia egongo, baina ikerketen emaitzak aztertzen ari gara hurrengo ediziorako aurrelanak herriz herri martxan jarri ahal izateko. Udazkenean aurkeztuko dugu 2022an egingo den hirugarren edizioa.

Udazkenean, hala ere, bestelako aktibazio ekimen bat martxan jarriko dugu. Azaroan izango da hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea helburu izango duen ekimen berria. Euskaraldian praktikatzen ari garen portaerak (lehen hitza euskaraz eta euskara ulertzen duenari beti euskaraz) eremu eta ekinaldi berrietan praktikatzea proposatu nahi dugu. Euskarak 365 egun dituela gogoratuz, ariketa berriak proposatuko ditugu aurrerantzean ere.

Euskaltzaleen sareak trinkotu eta aktibatzeko helburuz, Euskaltzaleen Topaguneak proiektu berria jarriko du abian udazkenean azkenik. Euskal Herri osoko euskara elkarteen mugimendua eta euskaltzaleak saretzeko ekimena da martxan jartzea da helburua eta udazkenean euskara elkarteekin landuko da egitasmoa. Abenduan mintegia egingo dugu gaia lantzeko.

Indar berritzeko garaia

Aipatutakoak eta beste asko dira udazkenean esku artean izango ditugunak, euskararen erabilera bultzatzeko egitasmo asko eta askotarikoak. Abuztuan Topaguneko bulegoak itxita izango dira eta irailaren 1etik aurrera bertan aurkituko gaituzue.

Bitartean, gozatu oporraldia!