
ELKARRIZKETA TALDE ERAGILEAK AMAITU DU BERE ZEREGINA
Elkarrizketa Talde Eragileak amaitu du bere zeregina. BATERA JAUZI! jendarte laborategiaren emaitzak irailaren 22an ERMUAN Euskaltzaleen Topaguneak egin duen BATZAR OROKORREAN ikusi du argia.
Irizpen hori oinarri hartuta ari da lantzen Euskaltzaleen Topagunea azaroaren 18an Arrasaten egingo den Kongresuan aurkeztuko den PROPOSAMENA (azpian dituzue 2 txostenak irakurgai).
Euskaltzaleen Topagunearen 3. Kongresua
Batera jauzi!
Kongresuan aurkeztuko den PROPOSAMENA urria eta azaroa bitarteko eztabaida-fase baten ondoren gorpuzkuko da eta 2 adarren gainean mamitzen ari da: Elkarrizketa Taldeak abiarazitako laborategiaren emaitza du oinarri batetik, eta Topaldian euskara elkarteek finkatutako lan-ildoa, bestetik.
DOKUMENTAZIOA
BATERA JAUZI JENDARTE LABORATEGIAREN EMAITZA (Txosten laburra)
BATERA JAUZI JENDARTE LABORATEGIAREN EMAITZA (Txosten OSOA)
III.KONGRESUA: Bazkideentzako proposamena (Eztabaidarako Txostena)
ANTOLAKETA
KONGRESU BATZORDEA
KONGRESU BATZORDEA azaroaren 18an egingo den kongresuaren antolaketaren ardura hartu duen taldea da. Hauexek batzordea osatzen duten kideak: Kike Amonarriz, Iban Arantzabal, Mikel Artola, Alaitz Billate, Julen Garate, Elena Laka, Jasone Mendizabal, Rosa Ramos, Markel Sanchez, Aitor Urkiza eta Oskar Zapata.
ELKARRIZKETA TALDEA
Topaguneak bultzatutako BATERA JAUZI gogoeta prozesuaren oinarri teorikoa Elkarrizketa Talde Eragileak landu du. 7 hilabetez lanean jardun den taldea askotariko esparruetatik datozen kideek osatu dute. “Aldaketa teoria” izan da prozesuaren gida metodologikoa, eta Iñigo Retolazak dinamizatu du. Elkarrizketa taldea honoko kideek osatu dute: Alex Vadillo, Idurre Eskisabel, Joseba Sarrionandia, Arianne Unamuno, Irati Iciar, Jasone Mendizabal, Karmelo Ayesta, Eneko Calle, Iker Atxa, Lur Urbizu, Jon Peli Etxeberria, Maddi Kintana, Iñaki Sagardoi eta Tarana Karimek.
KONTRASTE TALDEAK eta HITZALDIAK
Batera Jauzi dinamikaren gogoetak alor ezberdinak eta ahalik eta giza-eremu zabalenak kontutan hartu ditzan, sektore ezberdinetako eragileekin kontraste taldeak osatu dira; elkarrizketa Taldetik etorritako proposamenak aztertu eta propio sortutakoak ere gogoeta kolektibo horren baitan barneratu daitezen. Gazte, gizarte mugimendu, etorkin, arlo ekonomiko eta instituzional eta euskara erabiltzen ez duten herritarrekin osatu dira Kontraste talde hauek. Halaber, lurralde bakoitzeko lan taldeak ere eratu dira Ipar Euskal Herrian, Nafarroan, eta Bizkaian. Kontraste talde hauen ekarpena aberasteko, hainbat hitzaldi sektorial ere antolatu dira.
TOPALDIA
2023ko otsailaren 4an egin zen Topaldia Durangoko Plateruena Kultur aterpean. Azaroan egingo den kongresura bidean, Euskal Herri osoko hainbat euskara elkarteen ordezkariak bildu ginen egun osoko lan saioan, Elkarrizketa Taldearen nondik norakoen berri eman eta euskara elkarteen arteko hausnarketa propioa abiarazteko.