TOKIKOMen Batzarrak 2013ko plana onartu ditu

Elurteak elurte, TOKIKOMek Batzar Nagusia egin zuen joan den larunbatean. 2012ko balantzea eta 2013ko aurreikuspenak onartzea zen batzarraren asmo nagusia, eta halaxe egin zen. Besteak beste, honako puntu hauek onartu ziren:

  • 2012ko balantzea
    • Jarduera aldetik oso balorazio positiboa egin zen: sozietatea bera eratu, solaskide gisako jarduerari ekin (hainbat bilera egin dira erakunde publikoekin, eta HEKIMENen sorreran ere eragile garrantzitsua izan da), ekaineko jardunaldiak eta osteko mintegiak, TOKIMEDIA zerbitzua bereganatzea publizitate bateratua kudeatzeko, plataforma digital komunaren garapena…
    • Alde ekonomikoan berriz, 16.000 euro inguruko galerarekin itxi du urtea TOKIKOMek. Datu kezkagarria da, zalantzarik gabe, baina ez pentsa daitekeen bezain larria. Galera horren arrazoia 2012an aurreikusitako sarrera batzuk atzeratzea izan da. Batetik bazkideen ekarpen gehigarriak bi zatitan jasotzearen aldeko apustuaren eragina dago hor, eta bestetik Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012an Plataforma garatzeko emandako laguntza 2013ra atzeratu izana.
  • 2013ko aurreikuspenak
    • Jarduera aldetik, Plataformaren hedapena eta garapena, publizitate komunerako ahalegin komertziala handitzea, eta, oro har, TOKIKOMen negozio eredua finkatzea da helburu nagusia.
    • Diru aldetik, inbertsio handiagoa aurreikusten da dedikazioetan: komertzialaren jarduna bikoiztu egingo da sarreretan ere eragingo duelakoan, eta Topaguneak TOKIKOMekin konpartitzen duen langilea, Joxe Rojas, TOKIKOMentzat egun osoz aritzera pasatuko da, plataformaren hedapenean eta barne komunikazio kontuetan jarduteko. Aurreikuspenak betez gero, urtea irabazi testimonial batekin amaituko du TOKIKOMek (100 euroren bueltakoa).
  • Bazkide berriak
    • Batzarrak sozietatearen kapital handitzea ere onartu zuen, TOKIKOMen partaide izateko eskaera egin duten hedabideei lekua egiteko. Azaroan onartu zen bezalaxe, honako hauek dira bazkide berriak:
      • Hernaniko Kronika (Hernani)
      • Ttipi-Ttapa (Baztan)
      • Hirinet.net (Gasteiz)
      • Euskalerria Irratia (Iruñea)
      • Bilbo Hiria Irratia (Bilbo)
      • Xorroxin Irratia (Baztan)
      • Erlo Telebista (Zarautz)
      • Goierri Irrati Telebista (Goierri)
      • 28 Kanala (Tolosa)
      • Xaloa Telebista (Baztan)

Bazkideen aldetik, barne komunikazioa hobetzeko eta publizitaterako plan komertzial zehatz baten beharra ere azpimarratu zen, 2012ko zenbakiek eta 2013rako aurrekontuak. Enkargu horiek ere jasota geratu ziren eta kudeaketa planean txertatuko dira. Amaitzeko, Mikel Irizarrek prozesu guztiaren emaitza onak azpimarratu eta bazkideen ‘jokaera eskuzabala’ eskertu zuen.