TOKIKOMen batzar berezia Aretxabaletan

TOKIKOMek ezohiko batzarra egin zuen azaroaren 9an, HUHEZIk Aretxabaletan ireki duen fakultate berrian. Batzarrean, martxoan eratutako enpresa berriak orain arte egindako lanen deskargua egin eta bazkide berriak onartu zituzten TOKIKOMeko kideek.

Tokikom enpresa Aretxabaletan

(Argazkia: HUHEZI)

Egindako lanen artean, lau nabarmendu zituen TOKIKOMeko lantaldeak:

  • Sozietatearen beraren eraketa, hasieran uste baino konplikatuagoa izan dena, eta lantaldea martxan jartzea. Gaur egun, lagun hauek osatzen dute TOKIKOMen lantalde iraunkorra:
    • Inazio Arregi (iarregi[abildua]tokikom.com). Zuzendari lanetan.
    • Izaskun Bolinaga (ibolinaga[abildua]tokikom.com). Komertziala.
    • Gorka Zabaleta (gorka[abildua]baleike.com). Edukien arloa.
    • Joxe Rojas (jrojas[abildua]tokikom.com. Teknologia arloa.
    • Gainera, Topaguneko lantaldea arduratzen da administrazio lanak egiteaz.
  • Publizitate eskaintza bateratzeko lanetan ere hasia da TOKIKOM, eta lehenengo eskaerak iristen hasi dira. Bide luzea dago oraindik formatuak, tarifak eta abarrak estandarizatu eta horrela kudeaketa errazteko, baina balorazioa ona da oro har.
  • TOKIKOM plataforma digital komuna sortzeko lehen pausuak ere eginak dira. Eibarko CodeSyntax enpresa arduratzen ari da garapen teknikoa egiteaz, eta laster izango dugu prototipo bat probatzen hasteko moduan. 
  • Plataforma digitalaren garapena estu-estu lotuta doa Tolosaldeko hedabideak integratzeko proiektuarekin. TOKIKOMek enkargua jaso du Tolosaldeko 28 kanala, Galtzaundi aldizkaria, Txolarre Irratia eta Tolosaldeko Hitza integratzeko prozesua gidatzeko, eta horretna ari gara lanean. Plataforma digitala lehen tresna bat izango da produkzioari dagokionez behintzat lau hedabideok elkarlanean aritzen hasteko.

Horrez gain, HUHEZIko Aitor Zuberogoitiak eta Txema Egañak hedabideen kontsumo ohituren inguran egiten ari diren ikerketaren berri eman, eta ikerketa horren emaitzak TOKIKOMen esku jarriko dituztela azaldu zuten, aplikazio praktikoa izan dezaten. Gainera, HUHEZIk eta TOKIKOMek egindako hitzarmena ere azaldu zuten, Horren arabera, HUHEZIk gaur egungo hedabideen diagnostiko sakona egingo du urtarriletik aurrera, eta diagnostiko horetan oinarrituta, panorama hobetzeko proposamena ere landuko du. Azterketa horiek estatuko eta nazioarteko hainbat forotara ere eramateko asmoa adierazi zuten HUHEZIko kideek.

 Azkenik, TOKIKOMen bazkide izateko hamar eskari onartu ziren batzarrean. Aurrerantzean, beraz, honako hedabide hauek ere TOKIKOMen bazkide dira:

  • Euskalerria Irratia (Iruñea)
  • Bilbo Hiria Irratia (Bilbo)
  • 28 Kanala (Tolosa)
  • Goierri Irrati-Telebista (Goierri)
  • Erlo Telebista (Zarautz)
  • Hirinet.net (Gasteiz)
  • Xaloa Telebista (Baztan-Bidasoa)
  • Xorroxin Irratia (Baztan-Bidasoa-Malerreka)
  • Ttipi-Ttapa (Baztan-Bidasoa-Malerreka)
  • Hernaniko Kronika (Hernani)

Guztira beraz, 30 bazkidek osatzen dute orain TOKIKOM, eta abiapuntu ezin hobean kokatzen da aste honetan bertan eratu behar den HEKIMEN, Euskal Hedabideen Elkartean tokiko hedabideon ordezkaritza duina izan dadin.