Su ta Gar eta Ez dok Hiru dakartza Osterak asteon

Talde Eibartarrak ostegunean joko du Bilboko Kafe Antzokian eta Ez dok Hiruk ostiralean eskainiko du umorezko antzerkia, Arrigorriagan. Bizkaiko Kultur zirkuitua Miss Karaoke antzerkiak itxiko du, Leioan, abenduaren 2an.

Euskaltzaleen Topaguneak hemezortzigarrenez antolatu du Bizkaiko udalerrietan euskarazko kultur emanaldiak zabaltzeko zirkuitua, Udagoieneko Ostera. Urrian hasi zen, Anariren Berrizko emanaldiaz eta azken txanpan sartuta dago; bi emanaldi asteon ekarriko ditu eta abenduaren bian amaituko da aurtengo edizioa, Miss Karaokeren antzerkiaz.

Azaroak 23 eta 24

Maitasunari Pasioa antzokietako bira ahaztezinaren ondoren Su Ta Gar ohizko emanaldietara bueltatu da. Taldea sortu zeneko 30 urte bete dira aurtengo udazkenean eta indarrez gainezka jarraitzen du, agian ibilbideko unerik goxoenean. Udagoieneko Osteraren eskutik, Bilboko Kafe antzokian ikusi ahalko ditugu zuzenean, azaroaren 23an, 22:00etan.

 

“Ez Dok Hiru” taldeak, berriz, Euskal Herriko imajinario musikalaren errepaso ironiko, absurdu eta dibertigarria eskainiko du Arrigorriagan, datorren ostiralean. Euskal kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da, publiko helduari zuzendutakoa, umorezkoa. Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek beste hiru musikari-aktorekin  partekatuko dute taula, hitzari, bere ohiko tresna eszenikoari, zuzeneko musikaren indarra gehiturik. Arrigorriagako Lonbo aretoan izango da, azaroaren 24an, 20:00etan hasita.

 

Miss Karaoke Leioan

Aurtengo zirkuituari “Miss Karaoke” antzezlanarekin emango zaio amaiera, Leioan, abenduaren 2an.  Metrokoadroka kolektiboak eta Pez Limbo konpainiak elkarrekin sortutako lana da, Umorea, absurdoa eta perfomance arima uztartzen dituena.

 

Sarrerak Interneten, Kutxabanken kutxazainetan eta aretoetan bertan erosi daitezke. Su Ta Garren zuzenerako sarrerak, Kafe Antzokiaren webgunean edo ticketea webgunean ere eskuratu daitezke.