Aurreko bi edizioen arrakasta ikusita, aurten ere lehenik ekitaldi txiki bat egingo dute herriko plazan. Ondoren, Auzokoko saioetan burutzen diren dinamikak ezagutu eta horietan parte hartzeko aukera eskainiko zaie herritarrei. Haurrek ere izango dute beren txokoa, munduko jolas eta eskulan tailerrekin. Horrez gain, jatorri ezberdinetako janaria probatzeko aukera egongo da eguerdi partean eta plaza dantzen saio batekin emango diote amaiera festari.
Herriz herri egin beharreko lana
Urte osoan egindako lanaren erakusleihoa izaten da Auzokoren jaia. Oñatirekin batera, Eskoriatza, Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Bergara, Donostia, Ibarra, Soraluze eta Gasteiz dira gaur egun egitasmoa martxan duten herriak. Euskaratik urrun bizi direnak euskarara gerturatzeko helburuarekin, astero biltzen dira taldeak, ordu eta erdiz euskaraz aritu eta ongi pasatzeko. Talde horietan ezinbestekoak dira euskal hiztunak ere, bidea egin nahi duten horiei lagundu eta bide batez elkarrengandik ikasteko. Euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoa baita herrietan dagoen aniztasuna ezagutu eta aitortzearekin batera, hizkuntza guztion esku jartzea.
Eskoriatzan egin zen 2015 urtean 2. Auzoko jaia