Nafarroako hedabideek euskara sustatzeko laguntzak banatzeko exijitu dute

Nafarroako hedabideen ordezkarian, Iruñean egindako agerraldianEuskararen Legea indarrean sartu zenetik hogeita bi urte beteko direnean, eta Nafarroako Gobernuak Euskarabidea sortu duen urte berean, foru administrazioak inolako laguntzarik gabe utziko ditu euren ohiko jardunean euskara erabiltzen duten Nafarroako hedabideak. Halaxe salatu dute gaur Iruñean Nafarroako hedabideen ordezkariek eta haietako asko biltzen dituen Nafarroako Topaguneak.

Azken urteotako ohiko prozedura apurtuz, eta aurrekontu murrizketa aitzakiatzat hartuta, gobernuak argitaratu ere ez du egin euskara darabilten hedabideei diruz laguntzeko deialdia, hedabide horien bideragarritasun ekonomikoa kinka larrian jarriz.

Erabakia aurrekaririk gabekoa izateaz gain, Euskararen Legea bera ere urratzen du. Izan ere, lege horrek bere 3. Tituluan dio, Administrazio Publikoen zeregina dela “hedabideetan euskararen presentzia sustatzea”, eta horretarako, “laguntza ekonomiko eta materiala” bideratuko duela hedabideek euskara erabil dezaten ohiko jardunean eta progresiboki. Hitz horietan ere inplizituki onartzen denez, hedabideek ekarpen garrantzitsua egiten diote Nafarroako gizarteari: euskararen normalizazio prozesuan funtsezko lana egiteaz gain, gizartea trinkotzeko eta auzoak benetako komunitate bihurtzeko tresna ezin hobea dira hedabideok.

Kontuan hartu behar da 2008ko aurrekontuetan Euskarabideak, Euskararen Nafar Institutuak, 310.000 euroko diru kopurua duela aurreikusia helburu horretarako, baina, itxura guztien arabera, azkenean gauzatu gabe geldituko dela. Jokabide horrek ezbehar larriak ekarriko dizkie hedabide guztiei, eta bereziki euskara hutsez dihardutenei. Hedabideok adierazi dutenez, diru sarrera hori “aurreikusita” zuten urteko aurrekontua berdindu ahal izateko eta “hartu gabe geldituz gero, begibistan den defizita ekartzeaz aparte, euskarazko hedabide askoren etorkizuna kolokan jartzen du”.

Hedabideentzat %100eko murrizketa

Nafarroako hedabideen ordezkariek azaldu dutenez, ulertzen dute egoera ekonomikoa ez dela ona, eta horri aurre egiteko ahalegina egin behar dela. Hala ere, zorrotz salatzen dute foru aurrekontu osoaren murrizketa %4koa izan den bitartean, euskararena %17koa eta hedabideena %100ekoa izatea.

Gogora ekarri dute, halaber, saileko diru kopuruaren bilakaera Aurrekontu Orokorraren batez bestekoarena baino “nabarmen txikiagoa” izan dela azken urteotan. Gauzak horrela, kopuru hori aurten “kolpe batez osorik kendu izana erabat onartezina dela” azpimarratzen dute: “diru partida hori geurea da berez, eta ez dugu onartuko egun batetik bestera kentzea”.

Amaitzeko, Nafarroako tokiko hedabideek eskaera zehatza egin diote gobernuari: legeak agintzen duena bete eta lehenbailehen egin dezala hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko diru-laguntza deialdia, eta bana dezala berez hedabideoi dagokion 310.000 euroko diru-poltsa hori.

Diru-laguntzen bilakaera 1999-2007

 

Laguntzen bilakaera
 
Garbiñe Petriati, Bierrik elkarteko arduraduna, Euskadi Irratiko Mezularia saioan auziaren berri ematen:
Â