Nafarroako Euskarazko Hedabideek iritzi publikoari

<!–

–>

Nafarroako Gobernuak bigarren urtez blokeatu du euskarazko hedabideontzako diru-laguntzetarako gordeta zegoen partida. Euskarabideak uztailean agindutako 240.000 euroko diru-partida ezerezean gelditu da, Nafarroako Gobernuaren baitako Institutuak ez duelako deialdia garaiz argitaratu. Ez 240.000 eta ezta 9.567 ere, Euskarabideak egoera zuzendu ezean, Nafarroako gizartearen eskariari erantzunez euskarazko informazioa lantzen dugun hedabideok ez dugu euro bakar bat jasoko aurten. Nafarroako Gobernuak ez du bere betebeharra eta konpromisoa bete, eta horrela erantzun dio hedabideetako ordezkarion urtebeteko ahalegina, lana eta elkarlanerako jarrerari.

[Gorabeheren kronologia -PDF-]

Nafarroako hedabideen agerraldi publikoa, 2008ko urrian

Urtebete da Nafarroako euskara hutsezko hedabideok iritzi publikoaren aurrera atera behar izan genuela, Nafarroako Gobernuaren erabakiek gugan eragin zuten egoera larria salatzeko: Parlamentuak hala onartuta, euskaraz dihardugun hedabideoi zegokigun 310.000 euroko diru-poltsa ‘blokeatu’ egin zuen gobernuak, gutako askoren biziraupena kolokan jarriz.

Egoera haren aurrean, bi eskaera egin genizkion orduan Gobernuari: diru-poltsa haren blokeoa bertan behera uzteko, eta diru-laguntza politika duin eta egonkorra lortzeko hitzarmen bat lantzen hasteko. Eskaera biak betetzeko behar beste lan egiteko prest geundela ere esan genuen orduan eta, are gehiago, lanari ere ekin genion: hamaika bilera egin genituen gure artean balizko hitzarmen horren oinarriak lantzen hasteko. Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiekin bildu ginen banan-banan, gure egoeraren eta eskaeraren berri zuzenean emateko; Parlamentuko Hezkuntza Batzordeari eta Euskararen Nafar Kontseiluari ere azaldu genien gure egoera zein den, eta lortu genuen Parlamentuak berariazko agindua ematea Gobernuari proposatzen genuen hitzarmenaren bidea lantzen hasteko.

Bien bitartean, inpresioa dugu  Nafarroako Gobernua, eta gure interlokutore zuzena izan den Euskarabidea, gurekin jolasten aritu direla denbora horretan guztian: legez geurea zen 310.000 euroko diru-partida hartatik, 240.000 euro ‘desblokeatu’ zituen 2008aren amaieran. 2009rako, berriz, 9.567 euroko aurrekontua onartu zuen xede horretarako.

Oraintsu arte Hezkuntza Kontseilaria izan den Carlos Perez Nievasek eta Euskarabideako zuzendariak, Xabier Azanzak, urte osoa eman dute esaten lasai egoteko, benetan banatuko zen kopurua hori baino gehiago izango zela. Uztailean egindako bilera batean, 240.000 euroko poltsa banatuko zuela esan zigun Azanzak, Euskarabideak bazuela diru-partida lortuta eta diru-laguntza deialdia irailean egingo zela.

Baina iraila iritsi da eta, hara non, egindako lan guztiaren ondoren, bileratan inbertituko lan eta denbora guztiaren ondoren, egoera duela urtebeteko berbera da: 2008ko krisiaren aitzakia berdin-berdinarekin, uztailean agindu zitzaigun diru hura blokeatua dago berriz ere. Zergatik? Euskarabidea ez delako gai izan Gobernuak blokeoa berriro ezarriko zuela aurreikusteko, eta diru-laguntza deialdia hori gertatu aurretik argitaratzeko.

Urtebete pasa da, 365 egun, makina bat ordu bilerak egiten, proposamenak lantzen, gure planteamenduak batari eta besteari azaltzen, xahutzeko ez ditugun indarrak honetan jartzen… zertarako eta duela urtebeteko egoera berdin-berdinean egoteko: ez daukagu hitzarmenik, ez eta aurtengo laguntzarik ere. Eta hori guztia gutxi balitz, orain ikusteko dago Gobernuan izandako aldaketek nola eragingo dioten gure egoerari.

Duela urtebete esan genuen, eta errepikatu behar dugu berriro ere: jasotzen ari garen tratamendua onartezina da. Egun batean gauza bat esan, hurrengoan horren kontrakoa egin… ezin dugu jarraitu uneko politikariari gogoak ematen dionari etengabe begira. Nafarroako euskaldunek eskatzen diguten euskarazko informazioa ematen jarraitu nahi dugu, eta Nafarroako administrazioak euskarazko hedabideak babesteko betebeharra du. Parlamentuak ere eskatu dio laguntza horiek behingoz zehazteko.

Nafarroako euskarazko hedabideok ahal izan dugun guztia egin dugu herritarren eskariari erantzun eta Nafarroako Gobernuaren betebeharra gauzatzeko hitzarmena lantze aldera, eta gauza bera eskatzen diogu Gobernuari, eta bereziki Euskarabideari: alegia, bere lana egin dezala, besterik ez.

Nafarroako euskarazko hedabideek eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa

Â