Martxan da Irakurri, Gozatu eta Oparitu

igo Kartela_OROKORRA_bajan50 herritan martxan da jadanik Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren hamargarren edizioa, irakurzaletasuna sustatzeko gero eta herri gehiagotan egiten den egitasmoa. Aurten ere euskaltzaleen topaguneak, udalak, liburutegiak eta liburu dendak elkarlanean ari dira. Egitasmoa apirilaren 1ean hasi eta maiatzaren 31rarte dago martxan.

Egitasmoak hainbat berrikuntza ditu aurten, inportanteena, Patxi Zubizarreta idazleari eskaturiko 50 liburu gomendatuen zerrenda da, 5 adin tartetan aurkeztu dena. 

Esan bezala, azken bi edizioetan izandako hedapenak jarraipena du aurten eta 50 herrietan jarri da martxan, iaz baino 9 gehiagotan eta duela hiru urte baino 26 gehiagotan.

Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honen bidez herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditugu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Egitasmoak, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.

Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, Udalen, liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker gauzatzen da, eta herrietako eragileen arteko harremanetarako tresna izan nahi du.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

  1. Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.

  2. Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli , eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

  3. Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera ematen digu.

Bi hilabetez martxan, apirilaren 1etik maiatzaren 31ra.

markatzailea_bApirilaren 1ean abiatu da “Irakurri, Gozatu eta Oparitu”ren 2016ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, bi hilabeteko iraupena du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea ekainaren 11 artekoa izango da

Esan bezala, aurten 50 herritan dago martxan ekimena eta nabarmentzekoa da, horietako hainbatetan lehenengo aldia bada ere, iazko herri gehienetan eskaintzen dela, egitasmoaren eraginkortasunaren balorazio onaren adierazle.

Araba: Agurain, Aramaio, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Kanpezu, Legutio, Maeztu, Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia, Zuia.

Bizkaia: Atxondo, Balmaseda, Derio, Ermua, Gernika-Lumo, Getxo, Igorre, Larrabetzu, Lemoa , Mañaria, Muskiz, Ondarroa, Otxandio, Zaldibar, Zamudio.

Gipuzkoa: Lazkao, Legazpi, Mutriku, Soraluze, Oñati, Ordizia, Orio, Zaldibia.

Nafarroa: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Basaburua, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Lakuntza, Larraun, Lizarra, Olazti, Uharte, Urdiain, Zizur Nagusia .

Aurreko bederatzi edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa da.

Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatzen ari dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak honako argitaletxeen laguntza izaten du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.

Urtero moduan hainbat Udal eta Mankomunitate, Nafarroako Foru Gobernua eta Eusko Jaurlaritzaren kultura sailak zein Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek babestu dute egitasmoa.