Martxan da IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU

Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimena asteartean hasi zen, Liburuaren Nazioarteko Egunean, eta Euskal Herri osoko 24 herritan egongo da ekainaren 30era arte. Irakurzaletasuna bultzatzea xede duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz. Aurten gorakada nabarmena izan du egitasmoak, iaz baino 9 herri gehiagotan jarri baita martxan.

Egitasmoa tokian tokiko euskaldunon elkarteen, udalen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker abiatu da, eta herrietako eragileen arteko harremana bultzatzea ere badu helburu. Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

Irakurri, gozatu eta oparitu 2013. Aurkezpena

Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da; euskaraz irakurtzea. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.

Gozatu. Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun eta abar. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen erosketaren %25a ordaintzeko aukera izango dugu, %50a euskaldunon elkartearen kidea izanez gero.

 

Liburuaren Nazioarteko Egunean hasita, bi hilabetez

Aurreko edizioetan bezala, apirilaren 23an abiatu da aurten ere “Irakurri, Gozatu eta Oparitu” , Liburuaren Nazioarteko Egunean. Uda aurreko hilabeteak baliatzen dira egitasmoa sustatzeko, liburuen irakurketarako garai egokia baita. Bi hilabeteko iraupena izango du kanpainak eta ekainaren 30era arte egongo da abantailak baliatzeko aukera.

Esan bezala, aurten 24 herritan izango da ekimena, iaz baino 9 herri gehiagotan. Eskualdekako hedapenari eman zaio lehentasuna, egitasmoa herrietan indartzeko helburuarekin:

Araba: Aramaio, Arratzua Ubarrundia, Legutio, Urkabustaitz, Zigoitia, Zuia.

Bizkaia: Derio, Ermua, Larrabetzu, Lezama, Mallabia, Portugalete, Sondika, Zamudio.

Gipuzkoa: Ataun, Beasain, Lazkao, Mutriku, Ordizia, Zaldibia.

Nafarroa: Gares, Lekunberri, Lizarra, Ultzama.

Aurreko urteetan ikusi denez, kanpainak eragin positiboa du herritarrek liburutegi publikoan egiten duten euskarazko liburu mailegu erabileran.  Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina ere kontuan hartzekoa da.

Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundien babesaz gain, honako argitaletxeen laguntza jasotzen du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa. Argazkian, egitasmoan parte hartuko duten zenbait elkarte eta erakundeetako kideak, goitik behera: Manuel Moreno (Topagunea), Gaizka Olabarri (Durangoko HITZ liburu denda), Sara Gago (Ermuko Udal Liburutegia), eta  Igone Amesti (Ermuko Euskal Birusa euskara elkartea).

Animatu eta irakurri euskaraz!