Marilin taldearen “Urak dakarrena” lanak irabazi du 15. Kameratoia Lekeition

Urriaren 25etik 27ra bitartean ospatu den 15. Kameratoiko lehen saria Marilin talde ondarrutarraren “Urak dakarrena” laburmetraiak irabazi du. Guztira 9 lan aurkeztu dira Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen ikus-entzunezko rally honetan.

15. Kameratoiko parte hartzaile, epaimahaikide eta antolatzaileak

15. Kameratoiko parte hartzaile, epaimahaikide eta antolatzaileak

Itxaso Paia, Euskaltzaleen Topagunetik eta Ibon Noya, Lekeitioko udaleko Kultura Saileko teknikariak edizio honetako giro ona eta lanen kalitatea nabarmendu nahi izan dute, euskal ikus-entzunezkoek bizi duten oparotasunaren islada. Gainera urte honetan bereziki lekeitiarrek parte-hartzaileekin izan duten laguntasuna eta harrera ona azpimarratu dute.

Aurtengo gaia: Zergatik ez?

Aurreko edizioetan ez bezala, urte honetan berritasun modura laburmetraien gaia online bidez eman izan zaie parte-hartzaileei urriaren 25ean. “Zergaitik ez?” izan da 15. Kameratoiaren gaia, eta aurkeztutako lanek sormen handia erakutsi dute galdera hau erabiltzeko orduan.

Gaiarekin batera ezaugarri ezberdinak txertatu behar izan dituzte laburmetraian balorazio orokorrean puntuak lortzeko. Lekeitioko txokoak izan dira hirugarrenez euskal sortzaile hauen lekukoak eta askotan protagonistak lanetan. Horretaz gain, musikarekin lotura duten instrumentuak sartu behar izan dituzte lanetan. Izan ere, edizio honetan musika izan da ardatz eta antolatzaileek keinu bat egin nahi izan diote Lekeitioko musika talde baten abestiaren titulua erabiliz.

Saritutako lanak

Ugaitz Alegria, Itziar Ituño eta Yogurinha Borova

Beste urte betez Ugaitz Alegria aktorea izan da urriaren 27an Ikusgarri Zine Aretoan ospatu den laburmentrai emanaldien eta sari-banaketen aurkezle. Epaimahaia Itziar Ituño aktoreak eta Yoruginha Borova musikariak osatu dute Ugaitzekin batera. Beraiek izan dute aurkeztutako ikus-entzunezkoen lanak baloratzeko ardura. Hiru epaimahaikideek antolatzaileekin bat egin dute lanen kalitatea nabarmenduz.

Lehen saria (1.000 euro) Marilyn taldearen “Urak dakarrena” lanarentzat izan da. Emakumez osoturiko talde ondarrutar honek komediazko lan bat aurkeztu dute aktualitateari lotutako gaia landuz.

Bigarren saria (600 euro) “Sonder” izenburua duen Emeki taldearentzat izan da.  EHU-ko ikus-entzunezko ikasleek elkarrizketa formatuan egindako lana aurkeztu dute, sentipen kontzeptu barri bat aurkeztuz.

Ikuskizunera bertaratu direnek ere, laburmetrai gustukoena bozkatzeko aukera izan dute. Honela Neuke Produkzioaren “Gure artean” lanak jaso du bertaratutakoen babesa, Publikoaren Saria irabaziz.

Irabazle izan diren lanak ikusgai daude jada:

Bi onenak DemaSa lehiaketara

Marilin taldearen “Urak dakarrena” lanak (1. Saria) eta Emeki taldearen “Sonder” lanak (2. Saria) Durangoko Azokaren barruan Irudienea plazan ospatzen den DemaSA lehiaketaren bigarren ediziora pasatuko dira zuzenean.

Urte osoan zehar herriz-herri euskaraz egiten diren laburmetrai lehiaketatan (24-48 orduko edo 24 ordutako edo gutxiagoko formatua dutenak) finalista geratu direnen finala da DemaSA.

Jasotako lan guztien artean aurrefinal irekia egingo da azaroaren 11tik 17ra bitartean DemaSA webgunearen bitartez. Aste horretan erabiltzaileek gustuko dituzten lanak bozkatzeko aukera izango dute. Boto gehien dituzren 10 lanak bakarrik pasako dira abenduaren 8an ospatuko den finalisten final handira.