Lehoiak ametsetan ipuin-sorta interaktiboa aurkeztu dute Athletic Fundazioak eta Euskaltzaleen Topaguneak

Telefono mugikor eta tabletetarako “Lehoiak ametsetan: Bixentaren abentura zurigorriak” izeneko ipuinak aurkeztu dituzte Athletic Club Fundazioak eta Euskaltzaleen Topaguneak;  Kirmen Uribek idatzi ditu ipuinak eta Asisko Urmenetak egin ditu ilustrazioak. Ipuinok Bixentak berak kontatuko dizkigu Maria Uriarte (Etxegiroan) ahotsaren bidez, irakurtzeko aukera ere egongo da azpi-tituluen bidez..

bixenta_2Lehenengo aldia da Euskaltzaleen Topaguneak eta Athletic Clubek elkarlanean jarduten dutela, eta etorkizunean lankidetzarako aukera berriak sortzeko aukera ona dela azpimarratu dute erakunde bietako kideek.

Ipuin bilduma bat da, gaurko prentsaurrekoan lehenengo hiru ipuinak aurkeztu dira eta datozen asteotan gainerako laurak zabalduko dira.  Honako gaiak eta pertsonaiak agertuko dira ipuinotan:  Mr. Pentland, Iribar, Zarra, Athletic Clubeko emakumeak, gerra garaiko pasadizoak edo Athleticekoa izatea zer den.

Jose Angel Iribar ipuin bateko protagonista da eta bere ahotsa ere sartu du ipuinean.

Egitasmo honen helburua da gurasoen eta haurren artean euskararekiko motibazioa handitzea Athleticen baloreen transmisioa  ardatz modura hartuta (kiroltasuna, garena harrotasunez adieraztea, errespetua, konpromisoa…).  Hizkuntzak eta baloreak belaunaldiz belaunaldi transmititu izaten dira, “eman eta jaso, jaso eta mean” ideia honen harira bat egin dugu Topaguneak eta Athletic Club Fundazioak.

Ipuinak entzungo dira eta azpi-tituluen bitartez ere irakurri ahal izango dira. Aplikazioaren garapena Ingartek enpresak egin du.

Aplikazioa IOS eta Android plataformetan deskargatzeko moduan dago gaurtik aurrera, dohainik.

Era berean, hartzaileen parte-hartzea sustatzeko asmoz, Athleticen inguruko istorio bat edo talde zurigorriarekin lotutako pasadizo hunkigarrien bat kontatzeko daukanak egin dezake ipuina@lehoiakametsetan.com helbidera bidalita. Bidalitako gaien artean bat aukeratu eta horren gainean idatziko da ipuin bat, baita aplikaziora igo ere.

App honen garapena Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak,  Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria, eta Kirola Sailak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak babestu dute.

bixenta_1 bixenta_3 bixenta_4