Larunbatean jokatuko da Euskararen Ginkanaren finala

Lau talde arituko dira lehian datorren larunbatean, apirilaren 18an, jokatuko den Euskararen Ginkanaren finalean. Laugarren edizio honetan ere, talde irabazleak 3.000 euroko saria lortuko du euskara sustatzeko egitasmo batean inbertitzeko.

eginkana_finala_2014

Iazko finaleko partaideak

Beste behin ere, parte hartze zabala eta anitza izan du Euskararen Ginkanak. Izaera eta eremu geografiko ezberdinetako 21 taldek eman dute izena: Hego Euskal Herriko lurralde ezberdinetako aisialdi eta kultur taldeak, euskaltzale elkarteak, euskaltegiak, mintzapraktika taldeak, hezkuntza arlokoak, ikasle taldeak,…

Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin gozatzeko antolatzen duen lehiaketa da Euskararen Ginkana eta aurten lehen aldiz, Azkue Fundazioarekin elkarlanean burutzen ari da. Laugarren edizio honetan, aurrekoan bezala, Euskaltzaleen Topaguneak egin ditu koordinazio lanak.

Probaz proba finalera

IKTak eta ekologia gaitzat hartuta, sei proba gainditu behar izan dituzte partaideek finalerako bidean. Horretarako, www.euskararenginkana.net webgunean astero proba bat argitaratu da. Besteak beste, taldearen eta sariarekin babestuko luketen proiektuaren aurkezpen bideoak sortu; euskara, ekologia zein teknologia berriei buruzko galdera sortak erantzun; euskaraz mintzatzen den guneak identifikatu; edo euskararen aldeko mezuak barazki dendetan zabaltzeko ekimenak egin behar izan dituzte.

Talde askoren arteko aldea oso txikia izan bada ere, azkenean lau talde hauek izango dira finalean:

  • Emaize Sexologia Zentroa (Gasteiz)
  • Kurutziaga ikastolako euskara taldea (Durango)
  • Pintxopotepraktika taldea (Lizarra)
  • AED elkarteko Ttak! gazte taldea (Arrasate)

 

Finala

eginkana_finala_2014_2Itziar Ituño aktorearen gidaritzapean, Euskararen Ginkanako azken bost probak Kutxa Ekoguneak Donostian duen egoitzan bertan burutu beharko dituzte lau talde finalistek. Horietan puntu gehien lortzen duen taldeak jasoko du euskararen aldeko ekimen bat finantzatzeko 3.000 euroko sari nagusia.

Finala eguerdiko 12etan hasiko da eta sari banaketaren ondoren luntx ekologiko bat eskainiko zaie bertaratutakoei.