Larunbatean egingo da Batzar Nagusia

Topagunea - 2012ko Batzar OrokorraDatorren larunbatean, martxoaren 23an, Durangoko Landako elkartegian egingo du Topaguneak bere urteko Batzar Nagusia. Bazkide guztiei egin die dei Topaguneko Zuzendaritza Batzordeak, larunbateko batzarrean parte hartzeko.

Estatutuetan eta Barne Araudian zenbait aldaketa proposatuko dira aurtengo Batzar Nagusian. Izan ere, azaroan burutu zen Federaziotik Mugimendura Kongresuan, Topaguneak mugimendu modura antolatzearekin batera, federazioari izena aldatzeko proposamena egin zen eta proposamen hori Batzarrean gauzatuko da. Horrekin batera, Topagunearen egoitza eta Zuzendaritza Batzordearen osaketa ere moldatuko dira.

Gainerakoan, 2012 urteko jardueraren eta diru-kontuen balantzeak egingo du Zuzendaritza Batzordeak larunbateko batzarrean eta, halaber, 2013 urterako jarduera plana eta aurrekontua aurkeztuko ditu. Egitasmoz betea datorren 2013 urtean erronka berriak jarri dira (azken hiru urteotako gogoetatik eratorriak) eta egoera ekonomikoa zaila den arren (horren inguruan ere luze eta zabal arituko dira batzarrean), erronka horiei heltzeko proposamenak egingo dira larunbatean Durangon.

Batzarra goizeko 10,30etan hasiko da Landako elkartegian.