LABURBIRA, film laburren zirkuitua martxan

Laburbiraren aurtengo edizioan parte hartzeko deialdia gaur zabaltzen da. Interesa izanez gero hiru asteko  epea duzue izena emateko, otsailaren 21erarte hain zuzen ere. Emanaldi bakoitzean bederatzi film ikusteko aukera izango duzue.

Laburbira zirkuituaren zortzigarren edizioa martxoaren 16tik apirilaren 20ra izango da. Elkarteok otsailaren 21era arteko epea duzue aretoa, eguna eta ordu egokienak aukeratu eta eskaera-orria  gazteak2[abildua]topagunea.com (Amaia) helbidera bidaltzeko.

Aurten, bederatzi film erakutsiko dira emanaldi bakoitzean. Horietako hiru, urriaren 30etik azaroaren 6ra bitartean Ermuan egin zen KAMERATOIAn sortu eta saritutakoak dira. Emankizunak guztira, 78 minutu inguruko iraupena izango du, eta nahi duten elkarteek zuzendarietako baten solasaldia antolatu ahal izango dute.

Honako ikus-entzunezko hauek osatuko dute emanaldi bakoitza:

  • ARTALDE (8´) Asier Altuna
  • ONDAR AHOAK  (4´30´´) Angel Aldarondo
  • BLANK POSTCARDS (11´) Aitor Artola, Irune Gurtubai eta Ibai Vigil- Escalera
  • MARITXU (17´30´´) Kepa Errasti
  • S@RTALDEA (11´) Jon Artola Artano
  • ESKU-TITI. 2010 (4´50´´) Saioa Aizpurua Arribas “Txintxetilla”
  • BIAK BAT (8’47’’) Zapatilla Films (Kameratoia 2010)
  • BARRURA BEGIRA (7’25’’) Trastaka Taldea (Kameratoia 2010)
  • NIRE BISTA FABORITOA (6’40’’) Kontraplano Taldea (Kameratoia 2010)

Atxikitako dokumentuetan, alde batetik, film bakoitzaren sinopsia, aktoreak, zuzendariaren filmografia eta fotograma bana aurkituko dituzue, eta bestetik, zirkuituan parte hartzeko baldintzak eta eskaera-orria.

Parte hartu. Antolatu ikus-entzunezko sorta horren emanaldi bat zuen herrian. Zabaldu euskarazko zinea. Sortu kultura euskaraz bizitzeko uneak.

Informazio gehiago behar izanez gero, kulturgintza[abildua]topagunea.com helbidera idatzi (Manuel).