35 herritan eskainiko dira Laburbira zirkuituaren film laburrak

Martxoaren 20an jarriko da martxan Laburbira 2019, aurtengo film laburren zirkuitua. Laburbiraren hamaseigarren edizioa bederatzi film laburrekin dator, guztiak 2016 eta 2018a bitartean egindakoak. Askotariko gaiak eta genero ezberdinak uztartuko ditu aurtengo eskaintzak; maitasun istorioak, tentsio bizikoak, bi animaziozko lan, iraganeko kontakizunen bat, Behe Nafarroko istorio bat, majia, intriga eta umorea dira, besteak beste, aurtengoek dakartena.

2019 urteko Laburbiraren eskaintzak, aurreko urteetako joerari eutsiko dio: sortzaile gazteen lanak dira gehienak, baina badira esperientzia luzeko zuzendarien lanik ere. Beste datu azpimarragarri bat ere badakar edizio honetako lan-aukeraketak: bederatzi filmetatik zazpi emakumeek zuzendutakoak dira. Denak uztartuta, ordubeteko proiekzioa osotu dugu, kalitatezkoa eta gozagarria, euskarazko film laburren zaleei merezi duten gozatua emateko.

Aurtengo filmeen eskaintzarekin osatu dugun kartelera hemen ikus dezakezue.

Hilabeteko gira herriz herri

Martxoaren 20tik apirilaren 13ra bitartean gozatu ahal izango dira Laburbiraren emanaldiak. Euskal Herrian izango dira emanaldi gehienak, baina badira Euskal Herritik kanpo emanaldiak ere, Euskal Etxeetan antolatuta dauden euskal komunitateei eskainiak.

Honako 35 herri eta hirietan ikusi ahal izango dira emanaldiak: 

Bergara, Ermua, Usurbil, Berriozar, Areeta, Sestao, Hernani, Algorta, Dima, Areatza, Orkoien, Valladolid, Azkoitia, Paris, Eraso, Gasteiz, Larraintzar, Biasteri, Zuia, Iruña, Ordizia, London, Maeztu, Arespalditza, Mutriku, Arrasate, Etxebarri, Azpeitia, Oñati, Irun, Igorre, Soraluze, Zumaia, Mungia eta Valentzia.

Aurtengo emanaldien egutegia hemen duzue ikusgai.

 

 

 

Laburbira, Topagunearen ikus-entzunezkoen proiektuetan aitzindari 

Hamaseigarrenez helduko da Laburbira zirkuitua Euskal Herriko aretoetara. 2004 urtean antolatu zen lehenengoz eta gerora ez dio urteroko hitzorduari hutsik egin. Zirkuitua sortu zenean sortzaileek beraien lanak Euskal Herrian zabaltzeko zituzten zailtasunak gainditzeko helburuz abiatu zen zirkuitua. Izan ere, film laburrek lehiaketaz-lehiaketa egiten zuten ibilbidetik harantzago (horietako asko Euskal Herritik kanpo), zaila izaten zen Euskal Herriko aretoetan ikusteko aukera izatea. 

Laburbiraren ondoren etorri ziren Euskaltzaleen Topagunearen ikus-entzunezkoen arloko gainontzeko egitasmoak ere. 2004an bertan egin zen lehen Kameratoia, ikus-entzunezkoen rallya, sortzaile gazteen sormena bultzatzeko. Hurrengo urteetan, berriz, beste bi ekimen jarri ziren martxan: Irudienea gunea sortu zen Durangoko Azokan, euskaraz sortutako ikus-entzunezkoen erakuslehio modura, eta Benito Ansola sariketa antolatzeari ekin zitzaion Lekeitioko zine bilerarekin elkarlanean, sorkuntza lan berriak bultzatzeko. Azkenik, iaz DemaS.A. lehiaketa egin zen lehenengoz Irudienean, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallye ezberdinetan aurkezten diren lanak ezagutzera emateko.