Kontseiluak EUSKALGINTZAREN MAPA aurkeztu du

Kontseiluak Euskalgintzaren mapa direktorioa aurkeztu du Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Horren bidez, “euskararen normalizazioa lortzeko lanean ari diren elkarte eta erakundeen ekintzak eta egituraketa azaldu nahi ditugu, eta beraien arteko harremanak erraztu eta esperientziak trukatzeko lanabesa eskaini”, azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek.

Euskalgintzaren mapa

Kontseiluak 2007ko irailean ekin zion egitasmoaren antolaketa eta diseinu orokorrari eta web orriaren aurkezpena Euskalit eta Innobasque-k antolatutako Zientzia, Teknologia, Berrikuntza, Kalitatea eta Bikaintasunaren Astearen baitan egin da. “Kontseiluaren bazkideek hala eskatuta, euskalgintza non dagoen antolatuta eta zertan ari den argitzeko lanari ekin genion”, esan du Mendigurenek. “Euskalgintzako erakundeentzat beren lanean mesedegarri gertatzea nahi du Kontseiluak, nork-zer-non-nola egiten duen erakutsiko duelako”, gaineratu du.

Erabiltzaile arruntari, herritar xeheari, euskararen unibertso zabalaren kontzientzia hartzeko aukera emango dio Euskalgintzaren mapak. Informazioa Euskal Herrian eta atzerrian zabalduko duen lanabesa da. On line eginez, edonori, edonon eta edonoiz eskura izan dezake erabilgarri.

Mendigurenek azaldu duenez, lankidetzan osatutako tresna da aurkeztutakoa. Informazioa bertatik bertara eskuratu du Kontseiluak, herri bakoitzeko euskalgintzak osatuta. Aurrera begira ere hori izango dela bidea adierazi du eta “hemendik deia luzatzen diegu euskalgintzako erakunde eta kideei nork bere herriko datuak sartu edo berritzeko”.

Kontseiluak Aztikerren laguntzaz egin du direktorioa. Zigor Etxeburuak, Euskaraz Bai Dinamika Herrietan egitasmoaren arduradunak azaldu duenez, “aurrerantzean ere aplikazioa hobetzen eta garatzen jarraituko du Kontseiluak, eta Aztikerren laguntza baliatuko du horretarako”. Era berean, Kontseiluak urtero-urtero harremana izango du informatzaile-sarearekin, duen informazioa berresteko, osatzeko edo zuzentzeko eskatuz.