Kide eta erronka berriak aurkeztu dira Topagunearen urteko Batzar Nagusian

Egitasmo berri ugari eta erronka berrituak aurkeztu dira Durangon egindako Euskaltzaleen Topagunearen 2016 urteko Batzar Nagusian. Batzarrean parte hartu duten bazkideek aho batez onartu dituzte 2016 urteko Kudeaketa Plana eta 2015 urteko jarduera.

batzar_nagusia_2016Batzarrean aurkeztu da 2106-2019 urteetarako onartu berri den Plan Estrategikoa eta plan honetan jaso diren helburu eta erronka nagusien arabera osatu den 2016 urteko plana. Nabarmentzekoa da 2016 urteak egitasmo berriak dakartzala. Hiru azpimarratu ditu Jasone Mendizabalek bere aurkezpenean:

  • Gizarte elkarrizketa bultzatzeko helburuarekin Zubideiak gune irekia antolatu da maiatzaren 7an beste hainbat eragilerekin batera. Euskara, aniztasuna eta bizikidetzaren gainean gizarteko sektore ezberdinen artean elkarrizketa piztea da helburua. Aurten gainera, Topaguneak aniztasunari lotutako bi ikerketa proiektu martxan dituela aipatu da.
  • Jalgi euskal kulturaren plaza ibiltaria kultur eragileon arteko azken urteotako harremanaren emaitza izango da. Kultur sortzaile, zale eta eragileen arteko topaketa honetan plaza, ikusgarritasuna eta transmisioa izango dira oinarriak. Jalgiren antolaketan Bertsozale Elkartea, Ahotsenea, EHAZE eta Aiaraldea Komunikazio Lehioa izango ditu kide Topaguneak.
  • Euskararen arnasgune diren bi herritan euskararen erabileran eta transmisioan eragiteko egitasmo pilotoa abiatu da 2015/16 ikasturtean Dima eta Gatikan. Tipi-Taupa egitasmoaren baitan sortu da etxeko transmisioan eragitea helburu duen Euskararen Kriseilua ere.

2015 urteak emandakoen artean azpimarratu dira aniztasunaren arloan martxan jarri diren egitasmoak eta bereziki aipatu da hainbat herritako euskaltzaleen elkarte eta taldeak egin dituzten gogoeta prozesuak.

Bazkide eta zuzendaritzakide berriak

Bazkide berri bat onartu du Batzar Nagusiak: Lazarraga Kultur Elkartea. Bazkide berri honek Gasteizen du egoitza eta Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko Plataforman jatorria. Gaur egun Oihaneder Euskararen Etxean programazioaren ardura du.

Azkenik, Zuzendaritza Batzordean kide berriak onartu dira: Berbaro elkarteko ordezkari Maite Berriozabal eta Geu elkarteko ordezkari Irati Iciar izango dira Zuzendaritza Batzordeko kide berriak.