Katamaloren zuzeneko CDa, toki komunikabideetan eta euskara elkarteetan esklusiban

Katamalo musika taldeak Plateruena Durangoko Kafe Antzokian eskaini zuen orain arteko azken kontzertua, 2011. urtean. Orduko kontzertuaren grabazioarekin egin duten diskoa Durangoko Azokan salgai jarriko dute.  Aurretik, ordea, Tokikomeko hedabideei eskaini diote saltzeko, Plateruena diruz laguntzeko kanpainaren barruan.

Hamarkada bat bete du Plateruena Durangoko Kafe Antzokiak, eta hurrengo urteetan ere bide beretik jarraitzeko laguntza eskatu dute. Azpiegitura eraikitzeko zorpetu behar izan zen Plateruena eta 250.000 euro itzuli behar diete bankuei hurrengo urteetan. Hala, Plateruena diruz laguntzeko kanpaina abiatu zuten joan den irailean.

Katamalo taldearen diskoen salmenta, Kafe Antzokiaren etorkizuna ziurtatzeko bide bat gehiago da. Gotzon Barandiaran taldekideak azaldu duenez, Plateruenak diru ekarpen kanpaina abian jarri zuela jakin zutenean erabaki zuten euren “ekarpen xumea” izan zitekeela Plateruenan emandako kontzertu hartako grabazioaren eskubideak Plateruenari eskaintzea, eta horren salmentatik ateratako dirua Plateruenera bideratzea, “bidelagun izan ditugunei laguntzeko”. Barandiaranek azpimarratu du, duela hamar urte sortu zenetik, Durangoko kafe antzokia beti egon dela Katamalo eta antzeko proiektuekin inplikatuta.

plateruena-elkartea-katamalo2014-11

TOKIKOMeko bazkideek ere euren ekarpentxoa egin nahi izan diote kanpainari, eta bide batez irakurleei ere abantaila eskaini. Horregatik, Azoka ireki aurretik, Katamaloren CDa komunikabide eta elkarte hauetan aurki daiteke dagoeneko salgai, 8 euroan:

  • Aikor (Txorierri)
  • Aiurri (Beterri-Buruntzaldea)
  • Anboto (Durangaldea)
  • Barren (Elgoibar-Mendaro)
  • Bierrik (Sakana)
  • Goiena (Debagoiena)
  • Karkara (Orio-Aia)
  • Pil-Pilean (Soraluze)
  • UK (Uribe-Kosta)
  • Uztarria  (Azpeitia)