Kameratoiaren seigarren edizioa datorren larunbatean hasiko da Ermuan

KAMERATOIA, Euskal Herriko Ikus-entzunezko Rallyaren seigarren edizioa datorren larunbatean hasiko da. Lehiakideek goizeko 10:30etan dute lehiaketari hasiera ofiziala emango dion hitzordua, Ermuko Lobiano Kultur Etxean.

 

Han, sortu behar duten ikus-entzunezkoaren gaia eta irudietan atera behar dituzten Ermuko lokalizazioen zerrenda jasoko dituzte KAMERATOIAN parte hartzeko izena eman duten 28 taldeek. Behin azalpen guztiak jasota, beste lau egun izango dituzte gidoiak idatzi, irudiak grabatu, edizioa egin eta lanak bukatuta aurkezteko. Lan horiek bost eta hamar minutu bitartekoak izan behar dute, eta azaroaren 3an entregatu behar dituzte beranduenez.

 

Ondoren, Joseba Zuberogoitia Lekeitioko Zine eta Bideo Bileraren antolatzaileak, Koldo Almandoz zinema zuzendariak eta Vanessa Fernandez EHUko irakasleak osatzen duten epaimahaiak izango ditu lanak. Izan ere, 28 lanak ikusi eta sariak nork eskuratuko dituen erabaki beharko dute. Aurreko edizioetan bezala, oraingoan ere hiru sari banatuko ditu Kameratoiak, 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak.

 

Epaimahaiak ere azkar egin beharko du lan: bi egun baino ez ditu erabakia hartzeko, sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 6an izango baita, Lobianoko proiekzio aretoan. Iluntzeko zortzietan harrera egingo zaie parte hartzaile guztiei, eta jarraian izango da ekitaldia, Alain XXX artista ermuarrak zuzenduko duena.