Kale kantoi jolasen bilduma aurkeztu du Txatxilipurdik

Kale kantoi jolasen bilduma aurkeztu du Arrasaten egoitza duen Txatxilipurdi elkarteak. Egunerokotasunean hainbat egoeretan jolasteko jolasak batzen dituen bilduma da Kale kantoi. Jolasak norberaren edo lagun taldearen gustura eta imajinaziora edota moldatzeko sortuak izan dira. Baita, espazio ezberdinek ematen dituzten aukera eta materialetara ere.

kalekantoi_txatxilipurdiHerri eta hiriak haurrenak ere badirela aldarrikatzeko sortu dute bilduma Txatxilipurdiko kideek. Horregatik bultzatu nahi izan dituzte haurrak kalea bere egitera eta berain kasa bertan jolastera, Kale kantoiren hartzaile natural eta jolasaren protagonista izanik. Era berean, jolasaren indar sozializatzailea eta hezitzailea azpimarratu eta jarduera ludiko eta talde jolasaren bitartez zenbait gaitasun lantzeko baliagarria den tresna sortu dute. Nahiz eta jolasen bilduma hau haurrentzat zuzenduta egon, helduen esku hartzea ere bultzatu nahi dute. Honetarako, irizpide eta aholku sorta ere prestatu dute batez ere erabilera hezkidetzailea sustatu nahian. Hezkidetza zergatik? Hain ohikoak diren sailkapen sexistak ekidin eta neska zein mutil izan jolasteko aukera guztiak eskainiz, haurrek euren identitate eta gaitasun sozialak askatasunean eraikitzeko besteak beste.

Irizpide hauek Txatxilipurdiko webgunean izango dituzue eskuragarri.

Liburuxka honek, guztira 41 jolas biltzen ditu, haurren egunerokotasunean oinarritutako 6 multzotan banatuak:

  • Bidejolasean: etxetik eskolara bidean jolastekoak.
  • Gora jaixak: herrietako jaiak dituzte iturri.
  • Helduak poteoan ari dira: helduen poteo aspergarrietan umeek ere gozatu dezaten.
  • Eta orain bazkaria: bazkari amaigabeetan jolastekoak.
  • Bizi bete kalea!: kaleko izkina edo txoko ezberdinetara moldatutakoak.
  • Amalurra ere gure lagun: naturak oparitutako jolasak.

Bilduma honen jolasen sortzailea Maddi Urizar izan da eta ilustratzaile eta diseinua Andoni Iñurritegik egin ditu.

Bildutako jolasen jatorriak anitzak dira. Batzuk, betiko jolasetan oinarritutako aldaerak dira, beste batzuk Urtxintxako aisia.net web guneko jolasen aldaerak dira, eta asko eta asko berrian berri sortutakoak.

Jolasaren prezioa 10 eurotakoa da eta Txatxilipurdi elkartean daude salgai.

 

 

Kalea guztiona dela gogoratu nahi dizuegu, horregatik errespetuz jolastu behar dugula. Aldi berean, gurea da kalea! Kaleak gu egiten gaituen bezala, guk ere egiten dugu kalea!

Beraz, bizipenez, bihurrikeriaz, sorkuntzaz eta laguntasunez aberastu ditzagun kalekantoiak!