KONTZERTUA

IZAKI GARDENAK

“Nire ahotsa maitatzen ikasi dut”

 

Leire Palacios komunikatzaileak Izaki Gardenak taldeko Jon Basaguren abeslaria elkarrizketatu du Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Taldeak atera berri duen disko berriaz “Dena Oskol”, sorkuntza prozesuaz eta taldearen azken biraz hitz egin dute.

ARRANTZALEEN MUSEOA

BERMEO

Bermeoko Portu Zaharrean Ertzilla Dorre historikoa altxatzen da. 1943. urtean monumentu nazional izendatutako eraikin honek Arrantzaleen Museoko aretoak hartzen ditu harresien barruan 1948. urtetik.

Honen moduko museo gutxi dago munduan, euskal arrantzaleen bizitzari, lanari eta arrantzari dagokion guztia erakusten baitie bisitariei: arrantzaleen bizitzaren eta ohituren deskribapena, beren gremio-elkarteak, ontziak, eta denboraren poderioz arrantzatzeko eta arraina merkaturatzeko erabili dituzten teknikak.

Museoko areto batean, Ertzilla Dorrearen historia azaltzen da. Dorrea XV. mende amaierako eraikina da, hiri- eta merkataritza-izaera hutsekoa, eta salerosleen familia ospetsu baten orubea, besteak beste, Fortun Gartzia de Ertzilla edo La Araucana poemaren egilea izan zen Alonso de Ertzilla izan baitziren familia horretakoak.

Bermeo, itsasoari lotutako herria

Bermeok, Bizkaiko kostalde osoko hiribildu garrantzitsuenetako batek, bere horretan jarraitzen du gure historiaren eta kulturaren zati handi bat kale eta itsaslabarren artean.

Lopez Diaz II.a Harokoak 1236an sortutako hiribildu hau “Bizkaiko Buru” izan zen 1602ra arte, eta argudio hori nahikoa izan da hirigune horrek historian zehar izan duen garrantziaren berri emateko. Bermeo beti egon da itsasoarekin eta arrantzarekin lotuta. Tradizio hori mendeen poderioz mantendu da, eta herriko armarrian ageri da, balea bat arrantzatzen ari den itsasontzi baten bidez.

Bizkaiko udalerri honek izaera eta xarma bereziak dauzka eta hori bere kale, eraikin eta jendean ageri da. Gainera, ondare kultural ugari ikusteko aukera eskaintzen du,  Gaztelugatxeko San Juan, Bermeotik 8 kilometrotara, Nestor Basterretxeak Benito Barruetaren omenez egindako monumentua eta Santa Eufemia eliza gotikoa, besteak beste.