Euskaltzaleen Topagunea

Irati Iciar da Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari berria

Irati Iciarrek hartu du Kike Amonarrizen lekukoa Topagunearen Batzar Orokorrean.

Irati Iciar da Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari berria. Azken 4 urtetan Euskara elkarteen federazioan lemazain ibilitako Kike Amonarrizek Irati Iciarri pasa dio lekukoa Topagunearen gidaritzan. Ostiral arratsean Ermun egindako Batzar Orokorrean iragarri dute erreleboa.

Egindako lanaz harro agertu da Kike pandemiak baldintzatutako lau urte zail eta konplexu kudeatu beharra egokitu zait Topagunean, eta esango nuke modu egokian aurre egin diogula egoera korapilatsu horri”. Aldi berean, Topagunearen lehendakaritzaren lekukoa pertsona aproposari ematen diola ziurtatu du: Itxaropen guztia dut Iratirengan. Iruditzen zait lehendakari fenomenala izango dela. Pertsona gaztea da, gasteiztarra, emakume ikuspegia ekarriko du… ekarpen oso inportantea izango da Euskaltzaleen Topagunearentzat.”

Irati Iciar ez da berria zeregin horretan, lehendik ere Topaguneko zuzendari batzordeko kide baitzen. Gasteizko GEU elkarteko lehendakaria izaki, ibilbide luzea du Irati Iciar Oñatiarrak euskalgintzan. UEU-ko koordinatzailea da Irati Iciar gaur egun eta Kikeren ordezkapena ilusio eta gogoz hartuko duela adierazi du: “Aitortu beharra daukat bertigo pixka bat dudala, baina batez ere itxaropena eta lan egiteko gogo izugarria daukat.” “Gainera, oso babestua sentitzen naiz. Topagunera nator, ibilbide luzea eta eragin handia duen erakunde batera, baina zaildutako lantalde sendo baten laguntasuna dut, ez nago bakarrik”.

Ez da hori izan Batzar Orokorrean iragarri duten nobedade bakarra. Izan ere, Topaguneak aro berri bati ekingo diola anuntziatu dute. Euskara bidegurutzean aurkitzen dela iritzita, aldi berri horrek erabilpenean jauzi bat ematea du helburu eta Batzar Orokorrean azaldu dutenez, Euskal Herri osorako baliagarria izango den proposamen integral bat garatzen ari dira. Kikeren esanetan: “Bultzada berri bat behar du hizkuntzaren biziberritze prozesuak, eta bultzada horren emaitzak izan behar du erabileran jauzi bat egitea” Irati bat dator Kikeren hitzekin: “Gizartean erabileraren aldeko eraldaketa eman dadin, euskalgintzaren barruan zein kanpoan dauden eragile eta sektore guztiei zabaldu nahi diegu proposamen hau”.

Proposamen horrek 14 kidez osatutako talde batek abian jarritako Batera Jauzi dinamika izango du oinarri eta azaroaren 18an Topaguneak Arrasaten egingo duen 3.Kongresuan aurkeztuko da. Hain justu, Batzar Orokorrean ikusi du argia 7 hilabetetan zehar eta hainbat sektoreetako eragileekin elkarlanean landutako Batera Jauzi dinamikaren irizpenak. Euskaltzaleen Topaguneako ordezkariek azaldu dutenez, deliberazio tarte bat irekiko da orain kongresura bitarteko denboran, erakundearen hurrengo hamarkadatako lan-ildo eta estrategiak definituko dituen ponentzia definitiboa gorpuzte aldera.

Batera jauzi dinamikaren inguruko zein Euskaltzaleen Topagunearen 3.kongresuko informazio gehigarria  web orrian aurkitu dezakezue:

https://topagunea.eus/es/topagunea-kongresua-2023/

Exit mobile version