Ikus-entzunezkoek beren lekua hartu dute Durangoko Azokan, Irudienearen bidez

Euskal kulturaren plaza izan da, lau egunez, Durangoko Azoka. Abenduaren 5etik 8ra, milaka euskaltzale eta sortzaile elkartu dira Durangon, kulturaz elikatu, busti eta gogoeta egitekIrudienea 2014o. Kultura bizitzeko.

Ohiko liburu eta disko azokaz gain, zortzi gune izan dira hirian: Eszenatokia, Irudienea, Ahotsenea, Plateruena,Saguganbara, Azoka TB, Kabi@ eta Areto Nagusia (Gogoetaren Plaza). Euskal kulturaren hainbat alorretako plaza hauek oso harrera ona izan dute, eta etengabekoa izan da sortzaileen eta zaleen arteko harremana.

Irudienea, ikus-entzunezkoen plaza, Euskaltzaleen Topaguneak antolatu du Gerediaga elkartearekin eta azoka osatzen duten gainontzeko eragileekin elkarlanean (Berbaro taldea eta Goiena tartean). Laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta bigarrenez, Zugaza zineman egon da. 35 film eta emanalditik gora izan dira Irudienean, kasu gehienetan, sortzaileek beren lanak aurkeztuta. Esate baterako, Eneko Dorronsorok `Xalbador, izana eta izena´ dokumentala aurkeztu zuen, eta `Loreak´ filmaren proiekzioan izan ziren Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak. Ikasleen Egunean, bikoizketa tailerrak jaso zituzten 12-16 urte bitarteko gazteek, eta Kameratoia ikus-entzunezkoen Rallyak 10. edizioa bete du azokan.

Irudienearen balorazioa, oso positiboa da. Izan ere, Durangoko Azokak duela urte batzuk burututako eredu aldaketa, bertaratzen diren euskaltzaleengan gauzatzen ari dela ikusi dugu. Zaleak egitaraua aztertuta etorri dira Irudieneara, emanaldi zehatzen bila, eta sortzaileekin egoteko gogoz. Aretoa beterik egon da kasu askotan, gainontzeko guneetan gertatu den bezala. Horrelako ekitaldietan izaten dira, noski, hobetzekoak. Kontrakoa esatea, hobetzeko borondaterik ez izatea izango litzateke. Film labur bakan batzuen proiekzioan arazo teknikoak izan ziren. Baina akatsetatik ondo egindakoetatik baino gehiago ikasten denez, euskal ikus-entzunezkoen erakusleihoan gogoz jarraituko dugu lanean, sortzaile eta zaleei ahalik eta kalitate onena eskaintzeko.

Bukatu da aurtengoa. Hala ere, Durangoko Azokak urte osoan gauzatzen dena plazaratzen du, eta urteko 365 egunetan goza dezakegu kultura eta euskarazko ikus-entzunezkoekin. Urteko lehen hiruhilekoan, Laburbira helduko da Euskal Herriko aretoetara. Laster arte!