Euskarazko komunikazio proiektuek bizi duten egoera ez da batere samurra, finantza krisiak eta prentsaren eredu krisiak bat egin dutelako. Hori horrela izanik, Topaguneak eta Berria Taldeak inoiz baino beharrezkoago ikusten dute elkarlana eta elkarrekintza. Bi komunikazio taldeen aldetik sortzen den informazioa irakurleei modu eraginkorragoan eskaintzeko bidea ikusi da ekimen honen bidez, eta lankidetzarako aukera aprobetxatu da. Tokiko informazioa lehen ere tokikom.com helbidean bateratzen du Topaguneak, eta honoko pauso honekin zabalkunde handiagoa eman nahi zaio herrietako informazio horri. Hala, elkarren informazio eskaintza osatuz, Berria.infok Topaguneko bazkide diren tokiko hedabideen zein herrikako Hitza.info-en jarioa jasoko du bere azalean, eta tokikom.com-ek Berriaren titular nagusiak eskainiko ditu tokiko informazioarekin batera.
Sinatutako hitzarmenaren bidez, jarioan jasotako edukia euren papereko argitalpenetan argitaratzeko eskubidea ere aitortzen diote elkarri sinatzaileek, betiere iturria ondo azpimarratuta.