Hirinet.net, Gasteizko euskaldunen topagunea sarean

Proiektuari forma ematen denbora, lan eta ahalegin asko eman ostean, Gasteizko GEU Elkarteak HIRINET.NET albistegi digital berria aurkeztu du gaur. Hona GEUko lagunek atari berriari ongi etorria emateko prestatu duten oharra:

Hirinet.net gasteiztar euskald unon sareko atari berria jaio da, GEU elkartearen eskutik. Gasteiztik eta Gasteizerako sareko hedabide euskaldun eta euskaltzalea duzu eta helburua Gasteizko euskaldunok sarean dugun topagunea izatea da, informazio eta entretenimendu iturri bezala erabili dezagun.

GEU Aldizkariak agur esan zuenetik hankamotz sentitzen genuen euskara gure hirian. Bertako hedabide euskaldun eta euskaltzale bat ezinbestekoa ikusten baikenuen euskararen inguruko elkartearen helburuak betetzeko bidean. Hori dela bide, bi urte luze hauetan, GEUk hausnarketa sakon bat egin du, bai elkartearen berregituraketan baita tokian tokiko hedabideak euskararen normalkuntzan duten garrantziaren inguruan ere. Guzti horren emaitza da orain begi aurrean duzun eta hemendik aurrera sarean egongo dena.

Informazioa, gaurkotasuna eta entretenimendua aurkituko duzu hemen eta partaidetza funtsezkoa izango da. Izan ere, Gasteiztar euskaldunez osatutako kolaboratzaile sareak eta zuk zeuk elikatuko duzue web gunea. Parte hartzeko bideak asko dira, lehen aipatu ditugu iritzi atalak, baina era berean bidal ditzakezue zorion agurrak, multimedia elementuak, argazkiak, irudiak, gutunak, bururatzen zaizuen edozer.

Esan bezala zu zara protagonista, zuk emango diozu bizia Hirinet Gasteizko Euskaldunon Atariari eta guztion artean hedabide erakargarri, interesgarri eta beharrezkoa bihurtuko dugu.

Topagunetik gure ongi etorririk beroena eman nahi diogu proiektu berriari, eta bihotz-bihotzez eskertu GEUko lagunek une honetara iristeko bidean egindako lan eta ahalegin itzela. Aupa zuek!!!