"Herri hezitzailea, eskola herritarra" ekimenak bost liburuxka aurkeztu ditu

“Herri hezitzailea, eskola herritarra” ekimena martxan jarri dugun erakundeek hiru ekimen aurkeztu ditugu: apirilaren 24 eta 25ean egingo diren jardunaldiak, zenbait herritan abiatu diren egitasmoak eta haurren partehartzea sustatzeko liburuxkak edo koaderno praktikoak.

Hilaimage001bete askotan egindako lana aurkeztu da horrela. Hainbat eragile biltzen dituen ekimenean Euskaltzaleen Topaguneaz gain, Topaguneko kide diren Txatxilipurdi, Pil-Pilean eta Ttakun elkarteek ere parte hartzen dute. Horietaz gain, ondokoak dira ekimeneko kideak: Irrien Lagunak Kluba, HUHEZIko Sorguneak ikertegia, Lizarrako eta Iruñeko udal haurr­eskolen taldea, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Ikastolen Elkarteko aisialdi-­taldea, Urtxintxa Bizkaia, Amarauna, Tabakalerako hezkuntza saila eta Hik Hasi heziketa egitasmoa.

Aipaturiko eragile horiek guztiak elkartu gara haurrentzako, gazteentzako, eta, oro har, herritar guztientzako egokiak diren herriak eta hiriak pentsatzeko, eztabaidatzeko eta hainbat urrats emateko.

Zazpi kontzeptutan oinarritzen da proposatzen dugun aisia eredua. Zazpi eremu horiek elkar ezkondu, garatu eta aberasten dira, eta proposamen koherente eta oso bat egin ahal izateko zazpiak halabeharrez elkarrekin joan beharrekoak direla uste dugu. Eta horrela formulatzen dugu gure lan-eremua eta xedea:

Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortu, eta hori oinarri hartuta, haurrei benetako parte-hartze eta erabakitze ahalmena eman, eta eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez, eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate sarea eta auzolana indartzea eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

 

HIru ekimen zehatz aurkeztu dira ekimeneko kideek egindako agerraldian.

Batetik, apirilaren 24 eta 25ean jardunaldiak antolatu dira Donostiako Kursaalean. Egitaraua

Bestetik, hainbat herritan proiektu hezitzaileak martxan jarri dira, herri eragileak, hezkuntzako eragileak eta udalak bat eginda. Lehen esperientziak Arrasaten, Soraluzen, Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Otxandion, Diman, Baztanen eta Baigorrin abiatu dira.

Azkenik, haurren parte hartzea sustatzeko lehen bost koaderno praktikoak argitaratu dira. Ondokoak dira lehen koaderno hauen izenburuak:

Haurren aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen.

  • Nola sustatu haurren parte hartzea ikuspegi feministatik.
  • Nola egin udaleku parte hartzailea.
  • Nola egin ludoteka parte hartzailea.
  • Parkeak bizitzeko modu berriak.

Herri Hezitzailea egitasmo honen babesle nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia da, Eusko Jaurlaritzak ere laguntzen duelarik.