Gurasolandia festa ospatuko du Txatxilipurdi elkarteak azaroaren 15ean

Gurasoentzako jolas parkea antolatu du azaroaren 15erako Arrasateko Uarkape pilotalekuan Txatxilipurdi elkarteak. Familia osoen bilgune bihurtu nahi du herriko pilotalekua Arrasateko euskara elkarteak, haur eta helduen (guraso, izeba-osaba, aitite-amama, gertuko lagunen) arteko aisialdi harremana lantzeko. Arau bakarra jarri dute Txatxilipurdiko kideek egun horretarako: haurrek ezin dute bakarrik joan festara, lagun helduak eraman behar dituzte ondoan derrigorrez.

Gurasolandia ekimena Txatxilipurdi elkarteak gurasoei zuzendurik dituen beste programa batzuekin batera euskararen familia transmisioa lantzeko martxan jarritakoa da. Ekimen horien artean bereziki aipatzekoa da Goiena kooperatibarekin batera landutako guraso.com web gunea.

Jaiari buruzko informazio gehiago: guraso.com