GUNEA EGUNAk badu egitaraua; maiatzaren 19an Azkoitian dugu hitzordua

gunea, truke gunea, jaigunea, arnasgunea, bilgunea, solasgunea, elkargunea, auzolan gunea, indargunea, sorgunea, topagunea, euskal gunea,…

gunea egunaMaiatzaren 19an GUNEA EGUNA ospatuko dugu Azkoitian. Euskaldunon Elkarteen Mugimenduan ari garenontzako ikasteko eta gozatzeko egun eta gunea izango da Azkoitiakoa.

25 ideia on euskaldunon elkarteentzako

Ehun ere aurkeztu ahal izango genituzke, baina 25 egitasmo aukeratu behar izan ditugu aurten aurkezteko.  Aukera hau baliatu nahi izan dugu, herriz herri mugimendu honek dituen egitasmo eta praktika eredugarriak aurkeztu eta elkarrengandik ikasteko. Maiatzaren 19an kultur sormenarekin, elkarte bizitzarekin, aisialdiarekin, hedabideekin, transmisioarekin edo finantzazioarekin zerikusia duten egitasmo ikusgarri eta interesgarriak ezagutu ahal izango ditugu, eta batez ere, egitasmo horietako protagonistekin, antolatzaileekin, hitz egin eta beraien esperientziak ezagutzeko aukera izango dugu.

Zerrenda osatzen ari gara eta oraindik bada lekurik proposamen berrientzat, beraz, zerbait aurkeztu nahi duzuen elkarteoi gonbidapen zuzena egiten dizuegu zuen egitasmo kuttunaren gaineko azalpena guri helarazteko.

Egitarau zabala, eperientzia trukea eta jaia

Egitarauak ez du soilik esperientzien elkartrukerako aukera eskainiko baina. Egun osorako egitaraua antolatu da eta jaiak ere tartea izango du.

10,30.- Harrera ekitaldia (Oteiza pilotalekuetan)

11,00.- 25 ideia on eta gehiago / (in)formazio pilulak / Umegunea (Oteiza pilotalekuetan)

13,00.- Elkarteen azoka txikia (plazan)

13,00.- Kantu Jira (plazatik)

13,00.- Sukaldegunea (Kontzejupean)

14,30.- Herri bazkaria (plazan)

16,30.- Ekitaldia (plazan)

17,00.- Erromeria (plazan)

19,00.- Txaranga (herrian zehar)

 

Auzolana eta parte hartzea

Auzolanean antolatu nahi dugu Azkoitiako zita eta egunean zehar hainbat aukera izango dugu bertaratuko garen guztiok parte hartzeko. Euskaldunon elkarteetako kideei hiru motatako parte hartzea proposatzen dizuegu lerro hauen bidez:

1.- Zuen elkarteak  egitasmo interesgarri/kuttun/eder bat aurkeztea izan daiteke modu bat. Guk zerrenda bat egina dugu, baina zerrenda irekia da, egitasmo gehiago sartzen dira.

Zuek egitasmoren bat proposatzen baduzue, 7-10 minutu arteko aurkezpena egingo zenukete (nahi duzuen formatuan egin dezakezue, baina denbora tarte horretan). Aurkezpenean lau galderari erantzutea eskatzen ari gara: Zein egitasmo da? (azalpena) Nori zuzendua dago? Zein helburu ditu? Zeintzuk dira egitasmoaren arrakastaren klabeak? Aurkezpenez gain, erakusgai/salgai izan dezakezuen materiala jar dezakezue baita egun horretan Azkoitira hurbilduko garenoi erakusteko.

 

2.- Bazkal ostean tarte bat utziko da zenbait elkartek bere “emanalditxoak” egiteko. Horiek baliatuko ditugu bazkalostekoa antolatzeko. Kontua litzateke, bazkal osteko giroan, kantuan, bertsotan, esketx laburren, txisteak… bidez edo…. euskaldunon elkarteen barne-bizitzaren gaineko “parodiatxoak” edo antzekoak egitea… edo kantuan aritzea,… Kantu-jira egiteko talderik balego ere, primeran.

3.- Bestelako lan ugari egongo dira egun horretan eta boluntario bidez bideratu nahiko genituzke gehienak: bazkaria prestatzen laguntzeko boluntarioak beharko dira, bazkariak zerbitzatu eta jaso, montajea, ume-gunerako begirale/hezitzaileak, herria txukuntzeko,… Honetan ere elkarteetako kideak inplikatu nahi genituzke, gurekin batera, noski. Antolaketa eta azpiegitura brigadak edo lan taldetxoak izango dira..

Kontuan izan parte hartzeko edozein aukera hartzen duzuela ere, ordu erdi edo gehienez ordubeteko tartea eramango dizuela. Gainontzeko eguna beraz, gotzatzeko aukera ez duzue galduko!

Hortaz gain, “lanera” etor daitezkeen lagunez gain, jai girora eta elkartrukean hartzaile izatera ere nahi beste lagun animatzea litzateke kontua. Egun polit bat pasatzeko aitzakia ere izango delako Azkoitikoa.

 

Horretarako, aurkezpenetan edo erakusmahaietan parte hartzeko, hurrengo aste honetan jarri zaitezte Topaguneko lankideekin harremanetan eta zehaztuko dugu aurkezpenak nola egingo diren. Horretarako bidali e-posta mezua manuel@topagunea.org edo iker@topagunea.org helbideetara edo telefonoz deitu 94.621.57.80 telefono zenbakira.