Gaztezuloren 100. zenbakia kalean

Bederatzi urteko ibilbide oparoaren ostean, 100 zenbaki bete ditu GAZTEZULO aldizkariak. Halako zenbaki biribila aitzakia ezin hobea da zer edo zer berezia prestatu eta irakurle gazteen leialtasuna eskertzeko.

Urriaren 9an kalean izango den zenbakia ez da, inondik inora, arrunta. Ohi baino orrialde gehiago ditu, eta bertan  aldizkariaren beraren historiako 100 eduki onenak bildu ditugu: elkarrizketatu esanguratsuenen soslai eguneratuak eskaintzeaz gainera, 2.000 urteaz geroztik munduan jazotako gertakari garrantzitsuenak bildu, puri-purian diren gai interesgarrienak berreskuratu, azalik entzutetsuenak gogora ekarri, eta film, liburu nahiz disko gomendagarrienak ere zerrendatu ditu Gaztezulok.

Halaber, 100. zenbakiaren ospakizunaren karietara, urriaren 17an festa aparta egingo dute Donostiako Tabakaleran, 21:00etan. Bertsound system (bertsolariak, rap abeslariak eta break dantzariak) ikuskizunak zabalduko du gaua. Ondoren, Mamba Beat taldearen eta Aritz Sound System dj-aren musikaz gozatzeko parada ederra izango da.