Gasteizek ongi etorri beroa eman zien Euskal Herri osoko mintzapraktika taldeei

Saritutako mintzalagunak Arabako eta EAEko hiriburuak besoak zabalik hartu zituen atzokoan Euskal Herriko bazter guztietatik Mintza Eguna ospatzera bertaratu ziren mintzalagun, berbalagun, mintzakide eta abarrak eta, eguraldiak eguna hondatuko zuen beldurra baldin bazegoen ere, azkenena egun-pasa gozoa egin ahal izan zuten mintzapraktika egitasmoetako partaideek, hori bai, aterkia beti prest, badaezpada ere.

Guztira 260 lagunek eman zuten izena Mintza Eguneko bazkarirako, baina bazkalorduaren aurretik, eta batez ere bazkalostean, zerrenda horretan ez zeuden asko ere hurbildu ziren, jakinminak bultzatuta, eta bat egin zuten Topaguneak eta Gasteizko GEU Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren zein Gasteizko Udalaren laguntzaz antolatutako ospakizunarekin.

Egitarau xumea 11:00etan hasi zen, Matxete plazan. Bertan ongietorria egin zitzaien bertaratutakoei eta, noski, hamaiketakoa ere eskaini zitzaien (ohitura onak ez dira galdu behar!). Ostean, ibilaldi gidatua Gasteizko txokorik ezkutuenak eta pasadizorik sekretuenak ezagutzeko, eta inguruko asko erakarri zituen Kalejira ere egin zen Landatxoraino.

Landatxon bazkari gozoa hartu eta gero, Mintza Eguneko unerik hunkigarriena iritsi zen: mintzapraktika egitasmoetan nabarmendu diren lagunei urtero egiten zaien omenalditxoa, hain zuzen ere. Sei lagunek jaso dute aurten mintzalagunen saria:

Izen- Deiturak
Arrazoiak
Sergio Ampudia (Gasteiz)
Egitasmoaren aurreneko urtean mintzalagun gisa hurbildu bazen ere, aurten beste talde bateko Mintzalaguntzaile izateko urratsa eman du, eta gainera, aurreneko taldeko partaide izaten ere jarraitzen du. Horrez gain, iniziatiba handiko taldekidea da bi taldeetan eta Gasteizko Mintzalagunak antolaturiko ia ekintza guztietan hartu du parte, jarrera ezin hobearekin
Maider Irizar (Gasteiz)
Zoritxarrez, Gasteizen Mintzalaguntzaileak egitasmora hurbiltzea hain erraza ez denez, bi taldetan Mintzalaguntzaile izateko ardura hartzeari txalogarria deritzogu. Gainera, bere jarrera ere aparta da aholkuak edota bestelako kontuak dinamizatzaileei helarazterakoan.
Kontxa Laspiur (Eibar)
Arrazoiak….80 udaberri  baino gehiago dituztela bakoitzak eta hasieratik Berbetan proiektuan parte hartu izan dutela, gutxi balitz …ez ordu betez ! 2 ordu dedikatzen dotze!!!!
Puri Perez (Eibar)
Azpimarragarria da ere, Puri euskaltegira joaten dela oraindik bere euskara hobetzeko eta Kontxa bere garaian maistra izandakua, bere lanbidea jorratzen duela taldekideen artean.
Ndiomba Ndong (Lea-Artibai)
Senegaldarra, Iñaki Arregi bere laguntzailearen bitartez hartu duen euskara maila harrigarria da. nahiz eta gaur egun Lekeition bizi, Markinako taldearekin jarraitzen du. Euskaldun askorekin du harremana
Germma Verdaguer (Txorierri)

Gemma Verdaguer da. Gemma katalana da jaiotzez, Terrassakoa, eta Sondikara 1996. urtean etorri zen bizitzera “Badakizue, maitasun kontuak!” diosku. Hala ere, txikitatik izan du harremana Euskal Herriarekin, amama Hondarribikoa baitu.

Gemma aurten hasi da Txorierriko Berbalagunen eta mila saltsatan hartu du parte dagoeneko. Astero-astero bi taldetan elkartzen da, talde batean goizez eta bestean arratsaldez! Nahiz eta euskaraz berba egiterakoan apur bat kostatu, masaje ikastaroan bera izan dugu irakasle, euskaldunberrien lotsak eta konplejoak albo batera utziz. Hori gutxi ez balitz, Gemma beti dago laguntzeko prest eta ideiak eta proposamenak ematen eta Berbalgunen propaganda egiten euskaltegiko bere ikaskideen artean (hilero berbalgun berri bat ekartzen du ia-ia!).

Saritutakoek jasotako txalo-zaparradaren ostean, Erdizka Lauetan taldeak jotzeari ekin zion, eta erromeria ezin koloretsuagoak bazkaria arintzen lagundu zien askori. Eguneko egitarau ofiziala erromeriarekin amaitu bazen ere, entzun dugu batzuek behintzat gaueko ordu txikietan bukatu zutela jaia. Jakina da eta: mintzalagun onekin, orduak labur!