VI. Benito Ansola Sarira ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko deialdia zabalik

 

Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen dugun Benito Ansola Sarietara ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko deialdia zabaldu dugu eta  irailaren 19ra bitarte irekita egongo da.

 18 eta 36 urte bitarteko gazteei bideratutako 3.000 euroko saria irabazteaz gain, lan irabazlea 2022ko Lekeitioko Euskal Zine Bileran estreinatuko da jendeaurrean.

 Deialdi honetara disziplina ezberdinetako ikus-entzunezko lanak (fikzio, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak) gauzatzeko proiektuak aurkeztu daitezke baina originalak izan behar dira, hau da, inon argitaratu ez direnak ezta beste inondik moldatuak ez direnak. Horretarako, lehiaketaren oinarrietan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte parte-hartzaileek eta aurkezten dituzten lanek.

 Jasotako lan guztiak zuzendari profesional bik baloratuko dituzte eta hemendik  hiru finalista izendatuko dituzte urte honetako 44. Euskal Zine Bilera jaialdiaren barruan proiektuen aurkezpenak egiteko bideo-dei bidez. Jaialdiaren itxiera ekitaldian iragarriko da VI. Benito Ansola sariaren lan irabazlea. Izendapen honetatik 10 hilabeteko epea izango du irabazleak bere ikus-entzunezko proiektua gauzatzeko.

 Sari honek, euskal kultura zabaldu eta sortzaile gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzea da. Xede horretan bat datoz ekimenaren sustatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzaz.

  

Benito Ansola sariko zuzendari irabazleak

 

Benito Ansola sariak VI. edizioa beteko du 2021an gazteei euskarazko ikus-entzunezko lanak ekoiztu ditzaten bidea zabalduz. Honen adibide dira David Zabala, Paul Urkijo, Aitor Gametxo, Joseba Ubeguraga, Maider Fernandez, Maria Elorza eta Ruben Rosas zuzendari sarituak.  Askok bide oparoa urratu dute ikus-entzunezkoen ekoizpenean Benito Ansola beka irabazi zutenetik.

 

Horren adibide da azken edizioa irabazi zuen Oier Fuentes beratarraren, “Emisio Etena” labur dokumentalarekin saritua eta urte honetako Lekeitioko 44. Euskal Zine Bilera jaialdiaren barruan estreinatuko dena. Arantza Irratia izan zen frankismoari desafio eginez euskara hutsean kanpandorre batetik emititzen azken emisora parrokiala. Arantzako (Nafarroa) apaizek Elizaren hitza zabaltzeko aitzakiarekin, herritarrak informatu eta kultura hurbiltzeko tresna bat sortu nahi izan zuten auzolanean. 5 urtez zentsura gainditu zuen, indarrez itxi zuten arte.

 Airean galdu ziren uhin iraultzaile haien arrastoa jarraituko dugu, bidean, egun desagertzear dauden bestelako komunikazio kodeak ezagutu eta bizi dugun garaiari buruz hausnartzeko, gurea ere ez dadin izan emisio eten bat. 

 

 Benito Ansola sariei buruzko informazio guztia  HEMEN