VI. Benito Ansola Sariak baditu finalistak!

Gaur eman dira ezagutzera euskarazko ikus-entzunezkoen VI. Benito Ansola Sariko finalistak.

 

  • Hiru finalistek azaroaren 26an defendatu beharko dute bakoitzaren proposamenak, Lekeitioko 44.Euskal Zine Bileraren barruan.
  • Sariaren irabazlea azaroaren 27an iragarriko da.
  • Saridunak 3.000€ko ordainsaria jasoko du.

Durango, 2021/10/27. Gaur eman dute ezagutzera VI Benito Ansola sarian finalista suertatutako lan eta egileen zerrenda. Orotara, 8 proposamen aurkeztu dira aurtengo ediziora.  Epaimahaikideek, Bego Vicario eta Estibaliz Urresola zinegileek, 3 lan pasarazi dituzte azken fasera.

Hurrenez hurren, hauexek dira finalera pasatu diren egile eta lanak:

ꟷJone Arriola Lobete, Ana Angulo Umaran eta Itxaso Frau Terradillosen DENA ASMATUTA DAGO proiektuarekin.

ꟷImanol Gurrutxaga eta bere DESERRI proiektua.

ꟷAimar Erkiagaren BI HANKAKO ZAKURRA lana.

Finalistek azaroaren 26an epaimahaikideen aurrean defendatu beharko dituzte orain aurkeztutako lanak, bideo dei bidezko pitching saio batean. Irabazlearen izena, berriz, biharamunean, azaroaren 27an emango da ezagutzera, Lekeitioko 44.Zine Bileraren barruan.

Benito Ansola sariak 3000 euroko ordainsaria du proposatutako lana gauzatu ahal izateko. Horixe baita, hain justu, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzaren babesa duen saria honen helburua: euskarazko ikus-entzunezko sortzaileak hauspotu eta euskal zinemagintzari bultzada ematea.

Aurkeztutako lanetan aniztasuna nagusi

Epaimahaikide lanetan aritutako Bego Vicario eta Estibaliz Urresola zinegileek nabarmendu dutenez, anitzak izan dira aurtengo ediziora aurkeztutako proiektuak, bai gaiari zein formatuari dagokionez, ikus-entzunezkoek bizi duten gorakadaren erakusgarri.

Ondorioz, finalistak aukeratzeko orduan izan dituzten zailtasunak azpimarratu dituzte, maila altuko proiektuak aurkeztu baitira sarira.

Euskal Zine Bileran ezagutuko da irabazlea

Arestian aipatu bezala, Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen Benito Ansola sariaren irabazlea azaroaren 27an iragarriko da, Lekeitioko 44. Euskal Zine Bilera jaialdiaren itxiera ekitaldian.

3000 eurorekin lagundutako saria jaso eta gero, egileak hamar hilabeteko epea izango du proiektua gauzatzeko. 2022ko Euskal Zine Bilerako edizioan estreinatuko da lan saritua.

Benito Ansola sariko zuzendari irabazleak

Benito Ansola lehiaketak VI. edizioa du aurten. David Zabala, Paul Urkijo, Aitor Gametxo, Joseba Ubeguraga, Maider Fernandez, Maria Elorza eta Ruben Rosas izan dira aurreko edizioetako saridunak. Askok bide oparoa egin dute harrez gero ikus-entzunezkoen munduan.

Benito Ansola sariei buruzko informazio guztia (Aurtengo oinarriak, aurreko edizioak, aurreko edizioetako irabazleak…) irudienea.topagunea.eus webgunean duzue.