Udarako irakurgaiak (2016)

Aurreko urteetan ere egin izan dugun legez, askorentzako oporraldia hastear dagoen honetan, zenbait irakurgai proposatu nahi dizkizuegu. Mendian, hondartzan edo herrian lasai jarri eta irakurtzeko egun aproposak dira hauek, beraz, horra zenbait ideia:

 

Sutondoko kontuak (Txerra Rodriguez, autoedizioa)

Derioko Tximintx elkarteko kide eta Emun aholkularitzako lankide den Txerra Rodriguezek 2015aren bukaeran argitaratu zuen Sutondoko kontuak, soziolinguistikaren dibulgazioa eta hizkuntzari lotutako bizipenak nahasten dituen testu laburrez osatutako liburua.

sutondoko-kontuakHorrela laburtzen da liburuaren kontrazalean edukia:

Txatalez osatutako liburua duzu hauxe, irakurle. Sutondoetan izaten diren elkarrizketen antzera, anabasa nagusi dela ematen du orri hauetan. Hala ere, dena hari ikusezin batek lotzen du: soziolinguistikak eta haren dibulgazioak. Izan ere, soziolinguistikaren erpinetatik edan, digeritu eta zuei botatakoak dira berba hauek guztiak.

Istorioak txirikordatzen dira liburuan, batzuetan umore beltzetik, beste batzuetan gordinetik. Josi eta jostatzen. Utopiatik errealitate gordinera, ametsetik ezintasunera maiz. Baina ilusioak eta kemenak blaitzen dituzte liburu honen istorioak.

Liburuan, gainera, ez dago disimulurik. Sutondoko lapikoetan zer dagoen argi erakutsi nahi izan du egileak, bere ikuspuntua argi utzi du, han eta hemen egin dituen lapurretetan, baita berak esandakoetan ere.

Sutondora batu eta supazterrera arrimatu, su berriak pizten eta su zaharrak mantentzen. Garenaren eta izan nahi dugunaren arteko amildegian zorrotz. Berbatik berbara saltoka adarrik adar, baina euskaltasun berriaren enborrari lotuta.

 

Irten hirten_hizkuntzarenizkuntzaren armairutik (Emun Kooperatiba)

« Euskaraz bizitzeko portaera-gida » da Emun kooperatibako kideek euskarara ekarritako liburu gomendagarri hau. TELP tailerretan lantzen diren edukiak dira oinarrian daudenak. Izan ere, TELP tailerren sortzaile Ferran Suay eta Gemma Sangunések idatzitako « Sortir de l’armari lingüístic » egokitzapena da iaz argitaratutako hau.

Psikologiako oinarriak eta kasu praktikoak oso modu ulergarri eta atseginean uztartzen dituen liburua baliagarria da euskaraz bizitzeko hautua praktikan gauzatu nahi eta oztopoak gainditu nahi dituenentzako.

 

Bost truke (Jon Sarasua, Pamiela)

bost_truke9234Jon Sarasuaren azken liburua, beste hizkuntz komunitate batzuetako kideekin izandako harremanetan sortutako gogoetak jasoz. Pamielaren webgunetik hartutako azalpena duzue ondokoa:

Kolonbia, Bolivia, Kurdistan, Ekuador eta Serbiara egindako lan-bidaietako testu laburrek osatzen dute Bost truke. Bazter horietako gertakari txikien marrazki-sorta moduko bat da: hizkuntza-komunitate gutxituekiko harremanak, kooperazio linguistikoaren pausuak, Boliviako gobernuaren inguruko konturen bat, Serbiako ezker sindikatuen jardunaldikoak…. Jasokinak ibilbidean jasota geratutako puskak dira, egoerak, ekintzen apunteak eta lehen pertsonan idatzitako gogoetak. Tarteka, kitxuak, aimarak, nasak, kurduak edo eslaviarrak munduaren ertzetako ondoezei buruz ari dira testuotan. Eta, oharkabean, euskararen herriaz ere bai.

 

jakin213Kultura hitzarmen bila (Jakin aldizkaria, 213. zenbakia)

Jakin aldizkariaren 213. zenbakian iazko Durangoko azokan, Gogoetaren plaza gunean egindako hitzaldi eta hausnarketetan jasotakoak ekarri dituzte. Euskal kulturgintzaren egoeraren eta erronken gainean 22 sortzaile eta zalek egindako ekarpenak Iñigo Astiz eta Miren Rubiok bildu dituzte. Hortaz gain, Nerea Mugika eta Xabier Landabideak Durangoko Azokaren balio ukiezinen gaineko ikerketaren berri ematen dute, beste zenbait artikuluren artean.

 

Euskalkultura-IztuetaCultura Vasca vs. Euskal Kultura (Ibai Iztueta, Utriusque Vasconiae)

Euskal kulturaren inguruan egindako tesia liburu batera ekarri du Ibai Iztuetak. Horra Karrikiriren dendatik hartu dugun aipua:

Euskal kultura euskaraz baino ez da posible, ala espainolez edo frantsesez ere bai? galderari erantzuten saiatzen da egilea. Liburu honetan abiapuntuko galderari baietz ala ezetz erantzun aurretik galdera bera formulatzen deneko testuinguruaz gogoeta egitea proposatzen da. Hizkuntza gutxitua daukan herri subordinatu bati dagokion testuingurua da hau. Harremanak ulertzeko modu berezia dugu subordinazioa eta, ildoan, Euskal Herrian kulturaren eta hizkuntzen arteko lotura ulertuko bada, argigarri gerta liteke herri/gizarte, hizkuntza/identitate eta euskal kultura/cultura vasca bikoteen arteko harremanaz hausnartzea.

 

 

euskaldunhazinafarroanEuskaldun hazi Nafarroan (Paula Kasares, Euskaltzaindiaren Jagon bilduma)

Euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa familia euskaldunetan. Azpititulu hori darama liburuak eta Paula Kasaresek 2013an aurkeztutako doktore tesian jasotakoak biltzen dira bertan. Liburuan Iruñean eta Iruritan egindako ikerketa kualitatiboaren emaitzak jasota daude, belaunez belauneko segida eta hizkuntza sozializazioaren inguruan egindako ikerketaren emaitzak hain zuzen ere.

Transmisioaz eta sozializazioaz hausnarketa interesgarria.

 

 

Lapur banden etika ala politika (Joseba Sarrionandia, Pamiela)

lapur-banden9227Joseba Sarrionandiak Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoan aurkeztutako gogoeta bat du oinarri liburuak. Gai ugari lantzen ditu, tartean kultura, hizkuntza eta komunitateaz dihardu.

Pamiela etxeak webgunean horrela aurkeztu du liburua:

Memoria onekoa eta tolestura anitzekoa, apala eta ausarta da Joseba Sarrionandiaren saiakera hau. Azken hamarkadetako eta gaur eguneko gure errealitate politikoaren inguruan mintzo da: gai asko eta askotarikoen artean, dominazioaz eta sektarismoaz, gutasuna aniztu beharraz eta politika egiteko ezintasunaz, hau da, politika egiteko obligazioaz. Kritika eta autokritika arrazoituaren bidez, teoria politiko oso bat doa azaltzen, botere ekonomiko, politiko eta militarren kontra, subjektu sozialak errebindikatzen dituena. Umorea ere falta ez duen testu honek, ustekabean batzuetan, zer pentsatu emango dio irakurleari, saiakera eta literatura hoberenak egiten duen gisan. Ados dagoela konturatzera edo ados ez dagoela ebaztera behartuko du irakurlea. Autorea urrun omen dabil oso aspalditik, baina inork ez du esango hemengo arazoak benetan bizi eta bere kasa hausnartzen ez dituenik. Hemengo arazoak, jakina, mundu guztikoak dira.

 

bestelakoak…

 

Joxemi Bidador pastorala (DVD + liburuxka)

joxemi_bidadorIruñeko euskaltzaleek egindako pastorala DVD batean jaso zuten. Karrikiri Iruñeko euskaldunon topagunea, Zaldiko Maldiko, Txantreako Euskaldunon Biltoki eta Duguna dantza taldearen ekimenez sortu zen pastorala, Joxemi Bidador zenaren ibilbidea gogora ekarri, eta berarekin batera, Iruñeko euskaldunak omentzeko.

Karrikiri dendan aurkitu dugu DVDaren aurkezpen testua:

2015eko urriaren 10ean emana izan zen Bidador Pastorala Iruñeko Burguen plazan. Bertan bizitakoa erakusten du DVD honek. Karrikiri, Zaldiko Maldiko, Euskaldukon Biltoki eta Duguna-Iruñeko dantzariak elkarteek antolatuta, Bidador Pastoralak Joxemiel Bidador zenaren ibilbide oparoa gogoratu eta omendu nahi izan zuen, kantua, antzerkia, dantza eta musika bateratzen dituen pastoralaren generoaren bitartez. Eta bide batez, baita gainontzeko Iruñeko euskaldunak ere, lehengoak eta oraingoak. 1000 bat ikuslek bete zuten plaza egun hartan, baina pastorala ikusterik izan ez zutenendako (edo berriz han bizitakoa gogoratu nahi dutenendako), hona aukera paregabea DVD gisara. Pastorala Karrikiri, Zaldiko Maldiko, Euskaldukon Biltoki eta Duguna-Iruñeko dantzarien arteko elkarlan bat izan da.

 

Aurreko urtetako batzuk…

Aurretik ere egin izan ditugu beste gomendio batzuk eta gogora ekarriko ditugu:

  • Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia (Karmelo Ayesta; Utriusque Vasconiae; 2014) (bloga)
  • Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak (Jon Sarasua; Pamiela; 2013) Pamiela
  • Haurren hiria (Francesco Tonucci; Itzulpena: Maider Elkoro; Txatxilipurdi; 2013) Txatxilipurdi
  • Made in galiza (Sechu Sende; Itzulpena: Txerra Rodrigez; Txalaparta; 2012) Txalaparta
  • Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria (Dabid Anaut; Euskal Memoria fundazioa; 2013) Euskal memoria
  • Dabilen harriari goroldiorik ez. Militantziaz eta horizontaltasunaz hausnartzen (Joxemi Zumalabe fundazioa; 2014) (pdf-an eskuragarri)
  • DVDak: Euskara Jendea. Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza (Ibaizabal-Mendebalde, Zenbat gara; 2013) (webgunea)