Zer funtzioa du euskaltzaleen mugimenduak euskarazko kulturgintzan? Zein eginkizun dugu euskara elkarteok herriko kultur dinamikaren eragile modura? Galdera nagusi hauei erantzun nahi izango die datorren urtarrilaren 29an Durangon ospatuko den jardunaldiak.
Lehen euskara elkarteak sortu zirenetik kulturgintzak leku garrantzitsua izan dute bere jardueran. Kulturgintzaren lanketak adierazpen ezberdinak izan ditu herritik herrira, elkartetik elkartera eta denboran; emanaldi antolatzaile, (bertso, musika, antzerki,…) eskola edo tailer sortzaile, zala (irakurzale, kantuzale,…) topagune, lehiaketa antolatzaile, kultur dinamizatzaile, zubi-egile, espazio sortzaile,… Denak ere beharrezko, garrantzitsu eta interesgarri. Hala ere, 30 urte joan dira mugimenduaren sorreratik, euskarazko kulturgintza asko aldatu da, oso ezberdina da gure herrietan dauden kultur eskaintza eta jarduna eta gaiaren inguruan gogoeta egitea beharrezkoa dela uste dugu Topagunean. Horregatik erabaki da aurten gai honi heltzea eta ekin diogu jardunaldi hau antolatzeari.
Topaldia urtarrilaren 29an egingo da, Durangon, goiz eta arratsaldez. Egitaraua zehazten ari gara eta laster hitzaldi eta hizlari guztien gaineko xehetasunak eskaintzeko moduan egongo gara. Gorde agendan.