Spraikada 08 larunbatean Erandion

Gaur aurkeztu da Spraikada 08, Euskal Herriko V. Graffiti Lehiaketako finala, datorren larunbatean, uztailak 19, Erandion ospatuko dena, Topaguneak antolatuta Erandioko Berbots euskara elkartearen laguntzarekin. Aurten hainbat berezitasun izango ditu lehiaketak gainera eta horien berri eman dute Topaguneko Sonia Perez Anguerak, Erandioko udaleko euskara zinegotzi Aitziber Olibanek, gazteria eta kirol zinegotzi Asier Zubiaurrek eta Santiago Neira kultura zinegotziak.

Hamar finalista lehian

Guztira 21 zirriborro aurkeztu dira aurten Spraikada 08 lehiaketara eta epai-mahaiak horietatik hamar aukeratu ditu larunbatean Erandion egingo den buruz-burukoan parte hartzeko. Aurkeztu diren gazteen batazbesteko adina 23 urtekoa izan da.

Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroakoak dira aurten finalera heldu diren parte hartzaileak. Aipatu beharra dago finalean izango direnen artean %30ek lehenengoz parte hartu duela lehiaketan. Ondoko lanak dira Erandioko hormetan ikusi ahal izango direnak:

  • Saia zaitez; Hector Hernandez (Arrasate).
  • Etorkizuna ere euskaraz; Kay & Aste (Iruñea)
  • Afrika askea; BSH taldea (Gernika)
  • Ge(r)ixa; GO (Ermua)
  • Fashion biktima; JEAS & Diego Glenny (Iruñea)
  • Jaio.Graffiti.Hil; SAY (Berriz)
  • Mundua kolorez bete; Yubia (Berango)
  • Kalean gara artea; Ojodecuervo & Kapone (Gasteiz)
  • Graffiti eztanda; TILLA & OINK (Bilbo)
  • Koba 1; Asier Balza de Vallejo (Gasteiz) 

Zirriborro guztiak ikusgai daude spraikada.com gunean eta argazki bilduma hontan. 

Guztira 3.600 euro banatuko dira sarietan (1.500, 1.200 eta 900 euro lehen hiru sailkatuei, hurrenez hurren), arratsaldeko zortzietan metro geltokian egingo den sari banaketan.

Hainbat xehetasun

Larunbateko lehiaketaren inguruan antolatu diren ekintzen gaineko hainbat xehetasun eman dituzte antolatzaileek:

  • 700 metro karratuko horma erabiliko da erakusketa erraldoi bat egiteko, Extra Largos talde arabarraren eskutik
  • Bigarren erakusketa batean auto bat goitik behera graffiteatuko dute ?P taldeko kideek
  • DJ Oleaktiff-ek erakustaldia egingo du
  • Scratch, DJ eta graffiti tailerrak egongo dira 
  • Guztira 500 litro pintura erabiliko dira larunbatean, 1.100 sprai pote
  • 1.000 aho-tutu ere erabiliko dituzte spraikadako parte hartzaileek

 Programa bete-betea beraz.

Spraikada webgunea

Duela bost urte martxan jarritako ekimena da Euskal Herriko Graffiti Lehiaketarena. Ibilbide luze honetan beste urrats bat eman du aurten egitasmoak eta gaur bertan aurkeztu da Spraikada.com webgune berria. Euskal Herriko graffitigintzan egiten den lana zabaltzeko euskarria izan nahi du webgune berriak, graffitilarien sorkuntzak hedatu eta berauentzat topagune izan dadin. Â