Sortzaileak, Euskal Herritik Galesera eta Eskoziatik Euskal Herrira

20160519_111426Tostako komunitateek egonaldi artistiko bana antolatu dute gainontzeko lurraldeetako sortzaile batekin. Euskal Herriak, Eskoziako artista bat jaso du udaberrian, eta bertako kide bat Galesera joan da. Hautaketak deialdi ireki bidez egin dira.

Sortzaileek sei aste igaro dituzte komunitate hartzailean, tokiko artista batekin lanean. Egonaldiak iraun duen bitartean artelan bana sortu dute, hizkuntza eta kultura gutxituak ardatz hartuta. Sorkuntza prozesu horren berri emateko jarduerak antolatu dira (hitzaldiak eta umeentzako tailerrak, besteak beste).

Uxue Arzelus, Euskal Herritik Galesera

Euskal Herriaren kasuan, Uxue Arzelus ikus-entzunezko sortzaile donostiarrak Galesen egin zuen sei asteko egonaldia. Zinegileak Galesen ekoiztutako film laburra bertako jaialdian aurkeztu zuen, ekainean. Hitz gutxitan, 10 minutuko dokumentala da, eta bertan euskara eta gales hiztunen arteko lotura, antzekotasun eta desberdintasunak azaleratzen ditu. Hiztun arruntez gain, film laburrean, hizkuntza-komunitate bakoitzeko zenbait kulturgilek ere parte hartu zuten: Elin Haf G. Jones eta Meic Llewelyn galeseraz; eta euskaldunen artean, Andoni Egañak edo Kirmen Uribek.

Hitz gutxitan dokumentalaren trailerra:

Sophie Stephenson, Eskoziatik Euskal Herrira

Hona, berriz, Eskoziako Sophie Stephenson dantzari eta musikaria etorri zen maiatzean. Errenterian egin zuen egonaldia, eta Kukai dantza konpainiako kideak izan zituen bidelagun. Euskal Herriko abestiak zein erritmoak eta Eskoziako dantza elkartuta, film labur bat ekoiztu du Sophiek. Bestalde, egonaldian euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko ekintzak izan zituen, hala nola Herri Urratsera eta Jalgira egun pasak, eta euskarazko oinarrizko mintzapraktika saioak.

Sophiek eta Uxuek Tosta jaialdian aurkeztuko dituzte beren lanak (ostegunean, irailaren 22an, 18:30ean Errenterian).