ÓRÓ… hizkuntza eta kulturen arteko topaketa Galwayn

Europako Kultur Hiriburu da 2020 urtean Irlandako Galway hiria (Gaillimh Irlandako gaeleraz). Europako kultur topagune den hitzordu honek ere koronabirusaren eragina izan du, baina nola edo hala egitarauari eusten ari dira, behar diren moldaketak eginez. Mantendu den hitzordu eta egitasmoetako bat Óró proiektua izan da, arte eszenikoetako disziplina ezberdinak eta Europako hainbat hizkuntza gutxituetako kultur adierazpenak elkartu nahi dituen egitasmoa. Irailaren 21 eta 26aren artean egingo dira egitasmo honen emaitza izan den ikuskizunaren emanaldi publikoak.

Euskarak eta euskal kulturak ere izango dute bere ordezkaritza Galway 2020 egitarauaren barneko ekimen interesgarri honetan. Izan ere, bertan parte hartzen ari den sortzaileetako bat Amaia Elizaran dantzari eta koreografo tolosarra da.

Hizkuntza komunitateen arteko harremana

Ekimenaren sustapenean parte hartzen ari da Euskaltzaleen Topagunea, Etxepare Euskal Institutuarekin  eta Europako sei hizkuntza komunitatetako eragileekin lankidetzan. Ez da gainera antzeko elkarlan bat egiten den lehen aldia. Izan ere, Donostia 2016aren bueltan martxan jarritako Tosta ekimenaren bueltan osatu zen aipatutako hizkuntza komunitate hauetako eragileen arteko sarea. Urte hartan kultur egonaldiak egin ziren, Europako hainbat herritan egindako jaialdiak antolatu, hizkuntzen erabilerarako gida osatu eta musika talde bat (Tosta banda) sortu zen ere. Ondoren, 2018an Frisiako Leeuwarden hirian (hau ere Europako Kultur Hiriburu urte horretan) eraikitako Hizkuntzen Pabiloian euskara eta euskal kulturaren berri zabaltzeko aste batean zehar programazio oparoa antolatu zen.

Óro… ikuskizun eta proiektuan parte hartuko duten kultur eragileak ondokoak dira: Ealaín na Gaeltachta, Gaillimh 2020, Foras na Gaeilge, Cuan, Údarás na Gaeltachta, Afúk, Etxepare Euskal Institutua, Euskaltzaleen Topagunea, The Cornwall Council, Cyngor Celfyddydau Cymru | Arts Council of Wales, Bòrd na Gàidhlig, Comharsana Ceilteacha | Celtic Neighbours.

Óró… Galway 2020

Aurtengo ekimenari dagokionez, lehenago aipatu den bezala Amaia Elizaran (Tolosa, 1992) ari da parte hartzen Óró… egitasmoan. Hainbat aste daramatza jadanik Elizaranek Irlandako hirian sorkuntza prozesuan. Dantzari eta koreografoa Etxepare Institutua eta Euskaltzaleen Topagunearen artean aukeratua izan zen proiektuan parte hartzeko. Irlandara heldutakoan lehen bi asteak konfinatuta igaro ostean, gainontzeko herrialdeetatik joandako sortzaileekin sormenean aritu da. Etxepare Institutuari egindako adierazpenetan esperientzia “oso aberasgarria” izaten ari dela azaldu du Amaia Elizaranek. “Hainbeste diziplinetako artistekin lan egiteko aukera izatea izugarrizko zortea da”. 

“Europa osotik etorritako hamazazpi pertsona, hizkuntza gutxituetako hamazazpi hiztun” bildu dira Galwayn egunotan Óró.. pieza elkarrekin sortzeko, helburu bakar batekin: “gure ideia eta ikuspuntuak bateratzea, artea den hizkuntza horretan oinarritutako sorkuntza berri bat erditzeko”. Baina ez sortzaileak bakarrik: “Pertsonalki, harrituta geratu nintzen jantzi eta argi diseinatzaile, artista bisual eta eszenografoak sorkuntza prozesu guztian zehar gurekin egotearekin… luxua!”, diosku dantzariak.

Hizkuntza eta disziplina aniztasuna

Óró.. sei hizkuntza gutxituren bitartez dantza garaikidea, antzerkia, musika, poesia eta arte bisualak nahasten dituen obra da, identitatea, hizkuntza eta biziraupena ardatz dituena. COVID-19ak eragindako bizitza publikoaren murrizketa eta kontaktu fisikoaren galera ere badira piezak lantzen dituen bi gai garrantzitsu. “COVID-19ak eskatzen dituen neurriekin horrelako prozesu bat aurrera eramatea erronka zaila izaten ari da denontzat. Hala ere, artearen eta arte-sorkuntzaren boterea hain da hizkuntza indartsua, horrek lotura, hari eta transmisore gisa jarduten baitu. Hona ekarri gaituzten hizkuntza guztiek bezala, euskara barne”.

Kultur jarduera gehienak bertan behera geratu diren ezohiko urte honetan, ordea, euren proiektuak aurrera egin izana izugarri eskertzen du Elizaranek. “Zorte handia izan da, zalantzarik gabe, proiektu honetan Gipuzkoa eta Euskadi ordezkatzeko aukera izatea. Eta erantzukizun bat. Sinergia artistikoetatik haratago, Europako beste enklabe batera bidaiatzeak, konfort-eremutik kanpo, helburu komun baten alde lan egiteak, askotariko diziplinetako profesionalekin proiektua partekatzeak eta sorkuntza garatzeko nire hondar ale txikia ekartzeak ikaragarri pozten nau. Oraindik ez dakit nola lortu duen gure proiektuak bizirik jarraitzea, zorionekoak gara; ea estreinaldira iristen garen!”.

Óró.. pieza Galwaytik gertu dagoen An Cheathrú Rua herriko fabrika batean eskainiko da irailaren 21 eta 26a artean egunero. Izan ere, irailaren 26an (azken emanaldia eskainiko den egunean) ospatuko da Hizkuntzen Europako eguna, eta egun hortan bukatu nahi izan dira emanaldiok.