Topagunea

Mintzapraktika martxa betean!

Noiznahi, nonahi mintzapoza praktikatzeko gonbiteak mahai gainean jarraitzen du, izan ere oraindik martxan da Mintzapraktika ekimenetan izena emateko aukera. Euskal Herriko txoko ezberdinetan taldeak antolatzen hasiak dira ilusioz ikasturte berri honi ekiteko prest eta egitarauak ere abian jarriko dira gaurtik bertatik aurrera.

Mintzapoza partekatzea zer den ezagutu nahi duzula? Begira han-hemenka edukiko ditugun askotariko ekintzak!

Donostia, Doneztebe eta Hondarribian Mintzodromoak prestatu dituzte gaur bertan ikasturte irekiera ekintza gisa. Gasteizko lagunek Mintzalagunaren aurkezpena egingo dute pintxo batzuen bueltan ahoa euskaraz gozatzeko eta igandean mendi irteerak egiteko aukera izango dute Gorbeialdea eta Iruñerriko Gurasolagun eta Mintzakideek. Azken hauek Azarorako Mintzakantuz ere antolatu dute, lagun artean mintzatu eta abesteko aukera ezin hobea. Azkenik, Hondarribian Urriaren 31n Gau Beltza ospatuko dute…Kalabazak hustu, gaztainak erre!!

Mintzapraktika ez da hizkuntza trebakuntza bakarrik, jende berria ezagutu, txoko ezezagunak elkarrekin deskubritu eta gure buruari aukera eta esperientzia berrietara leiho bat zabaltzea ere bada. Izan Mintzalagun, Solaslagun, Gurasolagun, Mintzakide eta… Zabaldu mintzapoza!!


Quitter la version mobile