MINTZALAGUNA ELKARREKIN! Euskara bizi, erabili.

  • Urrian zein urtarrilean izena emate epeak zabalduko dira.
  • Mintzalagunek elkarrekin euskara bizi eta erabiltzen dute.
  • Aisialdi esperientzia aberasgarriak partekatzen dituzte.
  • Komunitatea 7.000 lagun baino gehiagok osatzen dute.

Urrian ikasturtea hastearekin batera, Mintzalagun talde berriak sortuko dira, komunitatearen sareak ehuntzen jarraituko du. Mintzalaguna euskara bizi eta erabiltzeko aukera paregabea da. Zure herriko euskaldunekin esperientziak partekatzeko prest?

Etxealdian, Mintzalagunon sareari esker, komunitateko kideek interneten bidez harremanetan jarraitu dute. Uda ondoren, bidelariak eta bidelagunak astero biltzen hasiko dira. Izan ere, asteroko hitzorduei ekingo diete berriro, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz.  Berriz mintzapraktika egiteko bilduko dira, elkar zainduz eta erantzukizunez.

Komunitatea sendotzeko lehenengo izen emate deialdia urrian abiatuko da. Etengabe ehuntzen doan sarearen parte izateko aukera paregabea duzue eskura. Mintzalagunak euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko ematen dute izena. Eta zu, animatzen zara? Elkarrekin euskara bizi eta erabili dezagun. Parte hartu!

Nondik norakoak

Mintzalaguna euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordu betez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean… euskaraz aritzeko, euskaraz bizitzeko.

Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Mintzalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.

Euskara bizi, erabili

Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenak eta euskaraz normaltasunez aritzen diren laguntzaileekin mintzapraktika taldeak antolatzen ditugu.

Parte hartzeko bi baldintza bete behar dira:

  • Euskaraz komunikatzeko gai izatea.
  • Astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Mintzalagunak bospasei laguneko taldetan elkarturik, adiskide giroan arituko dira hizketan eta pixkanaka somatuko dute mintzapraktikaren efektua: kalean ere imajinatzen ez luketen hamaika pertsonekin hasiko dira euskaraz hitz egiten.

Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenak eta euskaraz normaltasunez aritzen diren laguntzaileekin mintzapraktika taldeak antolatzen ditugu.

Izen ematea

Izena emateko beharrezko informazioa, herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean edota  https://mintzalaguna.topagunea.eus/ webgunean aurki daiteke.

Guztira, 21 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpainan, baina Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzeko deia Euskal Herri osora hedatu nahi du deialdiak.

Eman izena! www.mintzalaguna.eus