Jon Zapata: « Gazteek gazteei eskaintzen diete Mintzakuadrillak egitasmoa »

Egun Donostian eta Iruñerrian dago martxan Mintzakuadrillak egitasmoa, gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoa. Herri gehiagotan ere zenbait gaztek agertu dute eragiteko gogoa. Jon Zapata Bordak, egitasmoaren koordinatzaileak, azaldu digu tokian tokiko gazteek erabakitzen dituztela egitasmoaren nondik norakoak eta 20 urtetik gorako gazteetan somatzen dela, batez ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko grina.

2021eko proiektu azokan aurkeztu du Jonek egitasmoa.

 

Zer da Mintzakuadrillak?
Mintzakuadrillak gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko helburua duen egitasmoa da. Mintzapraktika egitasmoekin antzekotasunak dituen arren, gazteengana heltzeko eta gazteen beharrak asetzeko helburua duen heinean, desberdintasun nabariak ere baditu.
Helburu horiek betetzeko egitasmoak bi zutabe nagusi ditu: asteroko hitzorduak eta saio osagarriak. Lehendabizikoan, asteroko hitzorduetan, astean ordu batez elkartzeko eskaintza egiten zaie parte hartzaileei. Hauek, aurretik, talde edo mintzakuadrilletan banatuta daude. Kasu batzuetan taldean ematen dute izena hasieratik, dela lagun taldea, unibertsitateko lagunak edota musika taldea; eta besteetan, bakarka ematen dute izena eta guk osatzen ditugu taldeak.
Saio osagarrien eskaintza gazteei zuzendutakoa da, haien interesen araberakoa. Iruñerrian esaterako, ikasturte hasieran egitasmoaren lehen saio osagarria egin ohi dugu, ikasturteko saio osagarriak eta bestelako gogo, motibazio edo kezkak jaso eta guztion artean erabakitzeko zer nahi dugun egin ikasturte bakoitzean. Saio osagarrien artean, bi motatako saioak bana ditzakegu duten helburuaren arabera: aisialdi saioak eta ahalduntze saioak.
Aisialdi saioetan elkar ezagutza eta giro goxoa sortzea bilatzen dugu. Modu honetan harreman berriak euskaraz sortzeko, edo erdaraz diren horiek euskalduntzeko aukerak izaten dira, gazteen arteko sareak osatu eta handitu daitezen. Horrez gain, giro eroso bat sortzen da euskaraz lasai aritzeko eta, zuzentasunean gehiegi tematu gabe, aske hitz egiteko, kale hizkera sustatu nahian. Laburbilduz, euskaraz lasai aritzeko harreman berriak sortzea ahalbidetzen dute aisialdi saioek.
Amaitzeko, ahalduntze saioak eskaintzen dira. Bi ardatzetan kokatzen dira saio hauek: gazteek orokorrean dituzten kezka edo motibazioak lantzeko direnak batetik, eta gazteek hizkuntzarekiko dituzten beharrak asetzeko helburua duten saioak bestetik. Kasu honetan, gazteek haien esparruan eragiteko tresnak eskaintzea da intentzioa.

« ahalduntze saioak eskaintzen dira, gazteen kezka zein motibazioak lantzeko eta hizkuntzarekiko beharrak asetzeko »

Baina leku bakoitzean desberdina da, ezta?
Bai, hori da. Egitasmoak aintzat hartzen du gazteen egoera ez dela berdina Bilbon, Bergaran, Laudion edo Iruñean. Hortaz, helburu bera betetzeko bide desberdinak egon daitezke, eremu soziolinguistiko desberdinetara egokituta.
Egitasmoak, lehen esan bezala, bi zutabe nagusi ditu, baina horrez gain, proposamen desberdinak ditugu, eremu anitzetara moldagarria izan dadin. Eta bi zutabe horietako batek ez badu eraginik egitasmoa martxan dagoen lekuren batean, beste eskaintzekin saiatzen gara helburuak betetzen.

« egun Donostian eta Iruñerrian dago martxan egitasmoa »

Momentu honetan Euskal Herriko zein herritan dago martxan? Kontatu apur bat zelakoa den bakoitza.
Egun, Donostian eta Iruñerrian dago martxan. Eta Hondarribian martxan jartzeko saiakerak egiten ari gara.
Donostian, gehienbat, asteroko hitzorduetan elkartzen dira gazteak, parte hartzaileek horretan zentratu nahi baitute. Hurrengo ikasturterako saio osagarrien eskaintza berria egitea dute buruan.
Iruñerrian asteroko hitzorduak eta saio osagarriak antolatzen dira (nahiz eta gaur egungo egoerarekin ezin diren gauza asko aurrera eraman). Horrez gain, gazte talde bat elkartzen hasia da, gazteen hizkuntza errealitatearen inguruan hausnarketa batzuk egin eta praktika edo proiektu berriak proposatzeko asmoz. Hurrengo hilabeteetan ikusiko ditugu talde honen fruituak.

Iruñerrikoak, adibidez, sekulako garapena izan du azken bi urteotan. Zerk eragin du aldaketa hori?
Iruñerriko kasuan, laugarren ikasturtea izan da martxan jartzen dugula. Bigarren ikasturtean nabaritzen genuen gabezia edo hutsune batzuk zituela egitasmoak eta horren inguruko ikerketa txiki bat egin genuen. Ikerketa horretatik hainbat ondorio atera genituen.
Batetik, Iruñerriko parte hartzaileen ehuneko esanguratsu batek asteroko hitzorduekiko konpromiso falta nabaria zuen. Gehienbat lagun taldean izena eman dutenen kasua izaten zen hau.
Aurrekoarekin lotuta, hurbileko jendearekin hizkuntza ohiturak aldatzea zailagoa dela ikusi genuen (kale hizkera falta, erosotasun eza, ohitura falta). Errazagoa da harreman berriak euskaraz sortu eta horiek denboran mantentzea.
Bestetik, egitasmoaren formatua ez zen egokia Iruñerrian eragiteko, gazteen beharrak eta denborak (bizi-erritmoa) kontuan hartzen ez zituelako. Gainera, egitasmoa aisialdi bezala ulertzen zuten partaideek, eta aisialdi esparruan eragin ahal izateko, beharrezkoa da gazteek hizkuntzarekin erlazionatutako tresnak eskuratzea.
Hizkuntza erabiltzeko hautua, oro har, erabaki heldu, kontziente eta transgesorea izaten da. Hori dela eta, 20 urtetik gorako gazteetan somatzen genuen, batez ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko grina.
Eta azkenik, denboraren materializazio eza: egungo gizartean, denbora hain baliotsua bihurtu den honetan, gazteek denbora eskaintzen dioten horren fruituak ikusteko beharra azaleratzen zuten modu inplizituan. Egitasmo honetan emaitzak epe luzeago batera ikusten dira eta horren eraginez ez zen lehentasunezko marko batean agertzen.
Ikusita ondorioen gehiengoak formatuarekin lotura zutela, zuzenean edo zeharka, aldaketa desberdinak proposatu genituen eta horietako bat martxan jartzen saiatu ginen aurreko ikasturtean.
Berrikuntza horri “taldetopaketa” izena jarri genion, eta honen helburua zen mintzakuadrilla bakoitzetik motibazio eta kontzientziazio gehien zuten gazteak elkartzeko foro desberdinak sortzea. Bi edo hiru mintzakuadrilla desberdinetako gazteak hilabetean behin elkartzeko aukera eskaini nahi izan genuen, saio erdi gidatuetan, haien artean gazteen intereseko gai desberdinak eta hizkuntzaren inguruko kezkak lantzeko espazio berri bat sortuz. Modu honetan gazteek ahalduntzerako gune berri bat zuten, geroan haien mintzakuadrilletan, edo esparru desberdinetan, eragiteko gai izan zitezen.
2020an martxan jartzeko intentzioa genuen, baina guztiok dakigun moduan, aurrera eraman nahi genituen proiektu asko “stand-by” egoeran geratu dira.
2020-2021 ikasturtean, berezia izango zelakoan, ez dugu “taldetopaketen” eskaintza egin. Horren ordez, Mintzakuadrillak egitasmoko parte hartzaile batzuekin, eta egitasmoan izena eman ez duten gazte batzuekin, taldetxo bat sortu dugu hizkuntzaren inguruko kezkak konpartitu, eztabaidatu eta egoerari buelta emateko proiekturen bat garatzeko intentzioarekin.

Beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa ere badago?
Bai, gaur egun Hondarribian ari gara egitasmoa martxan jarri nahian. Hondarribian gazte taldetxo bat dago kezka amankomun bat duena: Hondarribian gazteen euskararen erabilera oso urria da, ezagutza mailarekin alderatuta. Azken finean, Euskal Herriko hainbat lekutan dugun kezka partekatua da. Haien asmoa da egoeraren ifrentzua bilatzea, eta hizkuntza ohiturak astindu nahi dituzten gazteei proposamen bat egitea.
Horretarako martxoaren amaieran haiekin elkartu ginen, aztertu zezaten zein zen kezka hori, eta denon artean hurrengo pausuak identifikatzen hasteko.

« belaunaldi aldaketa guztien modura, belaunaldi berri honek balio berriak erantsi beharko dizkio hizkuntzari, hizkuntza erabiltzeko arrazoi berriak beharko baititu »

Gazteek orain euskararen erabilerarekiko jabetza handiagoa dutela esango zenuke?
Galdera honi erantzutea zaila egiten zait, ziurrenik, gazteen hizkuntzaren jabekuntza gaur egun ez baitago orain dela 30 urteko gazteen zimendu berdinetan oinarritua. Esango nuke, esaterako, lehen euskararekiko jabekuntzak bazuela ideologia nazionaletik nahiko (besteen artean); gaur egun, ez nintzateke ausartuko esatera hori dela euskara erabiltzeko arrazoi nagusietako bat. Garaiotan, hizkuntzaren erabilgarritasuna eta prestigioa, eta gizartean handituz doan aniztasun soziala kontuan hartzeko aldagaiak direla iruditzen zait. Eta hortik balio erantsi berriak eta erronka berriak erauzi beharko dira. Hala ere, nortzuk dira hizkuntzari balio erantsi berri horiek ezarri behar dizkiotenak?
Belaunaldi aldaketa guztien modura, belaunaldi berri honek balio berriak erantsi beharko dizkio hizkuntzari, hizkuntza erabiltzeko arrazoi berriak beharko baititu. Gizartea aldatzen doan heinean, gizarteko partaideek ikuspegi eta diskurtso berriak garatzen dituzte (edo ahazten hasiak zirenak berrerabili), gertatzen ari diren gauza berri horiek azaltzeko helburuarekin. Oraingoan, inguruan hainbeste aldaketa izaten ari ditugun honetan, ikuspegi eta diskurtso aldaketa horretan pausuak ematen ari garelakoan nago.
Hau aipatuta, nire ustez gazte belaunaldi berri honetan, noranzko desberdinak aurkituko ditugu, gure identitatearen osaeran geroz eta aldagai gehiago kontuan hartzen baititugu, eta honi gizartearen aniztasun zabala gaineratu behar diogulako, ostera. Esango nuke, D ereduko matrikulazio kopurua oso esanguratsua dela, eta horrek gazteen identitatearen atal bat sortzen laguntzen duela, euskararekin eta euskal kulturarekin edo Euskal Herriarekin lotura duena. Baina identitatea, egun, ez da bakarra, identitateak geroz eta urtuagoak baitira, eta pertsona bakoitza identitate desberdinekin osatzen da, inoiz baino gehiago. Honekin esan nahi dudana da gazteek jabekuntza izan badutela, baina lehentasunen artean dutenak ez direla hainbeste.
Badira beste hainbat faktore kontuan hartzekoak galdera honi erantzuterako orduan: estimulu jario kontrolaezina, D ereduko hezkuntza eredua, lurraldetasuna, generoa, bestelako gizarte mugimenduen indarra, ezagutza vs erabilera auzia… Baina batean arreta jartzen saiatu naiz oraingoan.
Amaitzeko, euskararekiko jabekuntza gehiago den edo ez esatera ausartu ez naizen arren, uste dut, eta inguruan entzundako diskurtsoetan ala antzematen dut, gazteek jabekuntza hori erabilerarekin harremantzen dutela zuzenean.

Norbaitek Mintzakuadrillak herrian edo auzoan abiatu nahiko balu, zer egin beharko luke? Zer da oinarrizkoa? 
Hasteko, eragin gune horretako gazteen errealitatea ezagutu. Nola? Haiei galdetuz; haien beharrak entzun behar ditugu eta horren araberako Mintzakuadrillak egitasmoa diseinatu. Kontuan izanda gazteak direla xede taldea, haiek izan behar dira egitasmoaren nondik norakoak erabakitzen dituztenak. Hori da garrantzitsuena. Ez dago inor gazteen beharrak gazteek baino hobe ezagutzen dituenik.
Ez litzateke izan behar kanpo eragile batek gaztentzako egindako eskaintza, baizik eta gazteek beste gazte batzuei egiten dieten eskaintza, eta hala ikusi behar dugu egitasmoa.
Beraz, besterik gabe, informazioa izan, gazteen egoera ezagutu, gazteekin harremanetan egon eta martxan jarri. Dena den, edozein informazio, laguntza edo bultzada behar izatekotan, gurekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaituztet.

Eta gazteok, zer?

Iruñerriko Mintzakuadrillak egitasmoan parte hartzen duten hainbat gaztek bideo sorta bat egin dute gazteek euskararekin duten harremanaren inguruan. Mintzakuadrillak ekimeneko youtube kanalean aurki daitezke.