Mingainak dantzan Getxoko kaleetan


  • Eguraldia lagun, 230 lagunetik gora hurbildu dira Getxora III. Mintza Eguna ospatzera
  • Omenaldia eskaini zaie mintzapraktika egitasmoetan dabiltzan hainbat laguni
  • Bazkalostean, mingainak ez direnak ere dantzan jarri dituzte Patxi Perezek eta bere taldeak

Mintzalagunak, Algortako kaleetan gora

    GETXO, 2008/06/14.- Arrasate, Arratia, Arrigorriaga, Barakaldo, Bergara, Derio, Deustua, Eibar, Elgoibar, Ermua, Galdakao, Gasteiz, Gernika, Getxo, Indautxu, Mahatserria, Urduña… Euskal Herriko txoko guztietako mintzalagunak hurbildu dira gaurkoan Getxora, Mintza Egunaren hirugarren edizioa ospatzera.

    Jaia antolatzen jo eta ke aritu diren EGIZU elkarteko kideak eguna zapuztu ahal zuten bi faktoreren beldur izan dira aste osoan: garraio greba eta eguraldia (azken urteotako uholderik handienak bizi izan ditu Getxok azken bi asteburuotan). Zorionez, eguraldi itzela izan da egun osoan, eta garraioarekin ere ez da arazo handirik egon.

    Ezusteak, hala ere, bestelakoak izan dira: EGIZUko lagunek Euskal Herri osotik hurbildu diren 230 lagunei ongi-etorria emateko Portu Zaharrean prestatutako hamaiketakoaren ostean –goiz osoa eman dute berbalagunek tortillak eta bestelako pintxoak ere eurek prestatzen-, herria eta haren historia ezagutzeko bisita gidatua hasi behar zen, Xabi Paiaren eskutik. Paia, hala ere, gaixorik dabil egunotan, eta haren ordez Algortako berbalaguna den Josu Larrañagak gidatu du ibilbidea, ederto gidatu ere.

    Ibilaldia hasi aurretik, txalapartariek egin dute jendea hurbiltzeko deia, eta Algortako Bertso Eskolako Inaxio, Imanol eta Peio bertsolari gazteek egin diete hitzezko ongi etorria bertaratutako lagunei, ondoren ibilalditxoa hasteko. Lehenengo geldiunea hamaiketakoa egindako lekutik oso gertu izan da, Etxetxu delakoaren parean. Larrañagak azaldu duenez, portu zaharraren gaine-gainean dagoen etxetxoa garai bateko udaletxea izandakoa da. Hamaika kontu ekarri ditu gogora, gainera: antzinako kofradiaren berri, arrantzaleak eta kofradia, portu zaharreko jaiek duten ospea, kalimotxo hitza bertan sortu zeneko istorioa, Un poco de chocolate filmaren gorabeherak…

    Jarraian, eta eguzki galdatan denbora guztian, Usategi parkera hurbildu dira berbalagunak: berez gotorlekua izateko eraiki zela, bertatik defendatzen zela Bilboko itsasadarraren sarrera, eta koloretako banderak erabiltzen zirela bertan pasatzen zenaren berri Deusturaino helarazteko…

    Gero Getxo Antzokiko plazan bildu dira denak, eta bertan oso kalejira berezia hasi da: hasi trikitixaren soinuekin hasi da, baina, halako batean, trikia batukada talde bateko soinuekin nahasten hasi da, eta horrelaxe joan da taldea Algortan gora eta behera, euskal musika (eta dantzak!) batukadaren erritmoekin nahasten. Kalejira benetan ikusgarria izan da, eta kalean zebiltzan guztien jakin-mina piztu du. Musikak, eguraldiak eta azterketak bukatu berri dituztenen jairako gogoak giroa pizten joan dira konturatu gabe.

    Konturatu orduko, ordu bi eta erdiak iritsi dira, bazkaltzeko ordua. Algortatik Erromora metroz joan ostean, Getxoko Udalak Santa Eugenia plazan jarritako karpa erraldoian bildu dira mintzalagunak, bapo bazkaltzeko: paella, entsalada, oilaskoa, patata frijituak… postrearen orduan, Getxoko Berbalagun arduradunak, Ander Egiluzek, arreta apur bat eskatu du.

    Lehenengo eta behin, eskerrak eman dizkie Anderrek Mintza Eguna antolatzen ibilitako guztiei: EGIZUko lagunei, Topaguneari, bereziki Oskar Zapata Mintzapraktika arduradunari, Udalari eta, nola ez, bertaratu diren guztiei. Banan-banan aipatu ditu Anderrek Getxora hurbildutako talde guztiak, Austriatik eta Argentinatik etorritako lagun bakan batzuk ere barne, txalo zaparrada itzelak eraginez.

    Omenduak Jarraian, iaz Donostian hasitako ohiturari jarraiki, omenaldi txiki bat egin zaie mintzapraktika egitasmoetan ibilitako hainbat laguni:

      • Juan Luis Zabala ‘Mallabi’ arrasatearra, bidelari izatetik bidelagun izatera pasatu delako, hots: euskarazko jarioa hobetzeko laguntza jasotzetik, ematera.
      • Rosa Ramos, Iruñerriko euskara teknikaria, urtetan bertako mintzakide egitasmoa aurrera ateratzen laguntzen jo eta ke ibili ostean, datorren irailetik aurrera ezin izango duelako jarraitu.
      • Joseba Basterra, Mahatserrikoa, bertako mintzapraktika egitasmoko aitzindaria delako
      • Dabid Cascan, Barakaldokoa; bere herrian, Santutxun, Sestaon eta Getxon bidelari ibili ostean, euskararekin maitemindu eta mintzapraktika talde baten ardura hartzeko urratsa eman duelako aurten.
      • Lexuri Sanpedro. Aixerrota institutuko ikaslea 16 urterekin hasi zen iaz, eta berbalagunik gazteena da.
      • Juan Miguel Artabe, Juan Felix Oleaga, Jesus Garcia, Jose Ramon Onaindia, Luis Mari Etxezarraga eta Ander Madariaga: Getxoko berbalagunen artean beteranoenak, astean hirutan biltzen dira mingainari eragiteko, beti bezain gogotsu.

    Sari banaketa amaitutakoan, Patxi Perezen musikariak eskenatokira igo eta suabe-suabe hasi dira jotzen, jendea animatzen hasteko. Dena den, sari-banaketak eta, noski, bazkalosteko kopatxoek ere nahiko animatuta zeukaten ordurako, eta Perezen saio ‘interaktiboak’ berehala jarri ditu martxan berbalagun guztiak.

    Jai-giroa, beraz, iluntzera arte luzatu da Getxon, eta Egizuko lagunak pozik egon daitezke egindako lanaren emaitzarekin. Horren proba argia, mintzalagunak “hurrengoa noiz, hurrengoa noiz?” galdezka amaitu izana. Datorren urtean izan beharko du, ba!