Matrikulatu zure seme-alabak D ereduan

 

Matrikulatu zure seme-alabak

D ereduan

Eskola eta ikastola

Eleaniztasuna, kalitatea eta hizkuntza iraunaraztea

Eleaniztasunerako tranpolina

4 hizkuntza ikasi ahal izanen dituzte D ereduan, tokikoan errotua globaletara jauzi eginez.

Krisi ekonomiko garai hauetan euskara jakitea aktibo oso garrantzitsua da gure ingurune geografiko hurbilean lanpostu bat aurkitu ahal izateko, D ereduan ikasteak lan arloko ate guztiak zabaltzen baititu.

Euskararen irakaskuntza beti aitzindaria izan da gurean. D ereduari esker gure seme-alabak erraztasunez mugituko dira ingurune eleanitz batean adin goiztiarretatik, euskara gurean hizkuntza bizia baita. Era honetan eskolak ikasleak bertako bi hizkuntzatan sozializatzen ditu. Honi esker emaitza hobeak lortzen dira D ereduan, ikaste prozesua naturalagoa delako eta umeek ingurune kulturala eta afektiboa ongi ezagutu ahal izaten dutelako. Horretaz gain mundura irekiak egonen dira ikasiko dituzten kanpoko beste bi hizkuntzei esker – ingelera eta frantsesa edota alemaniera…-.

Munduaren errealitatea aldakorra denez malgutasun handiz jokatzea beharrezkoa da. Txinako merkatuaren pontentzialagatik txinera ikasten ari dira estatubatuarrak eta Europako motore ekonomikoak direnetan, Alemanian eta Frantzian, eta munduko hirugarren potentzia den Japonian bertako hizkuntza menperatzea behar beharrezkoa da lan egin ahal izateko. Beraz, hizkuntza guztiak ikastearen aldeko jarrera bultzatu behar da.

IMGP2868-1

Kalitatea eta eraginkortasuna

Euskal ereduek emaitza bikainekin jorratzen dute ingelera curriculumean.

Euskarazko eredua kalitate eta esperientzia handikoa da. 30 urteko esperientziak kalitatezko emaitzak bermatzen ditu. Izan ere beste ereduekin alderatuz D ereduaren emaitzak hobeak dira bigarren hezkuntzan eta selektibitatean (%9 eta %3 gehiago hurrenez hurren). Gainera irakasleen %100-k goiko hizkuntza titulua dauka (C1) eta derrigorrezko zikloa amaitzean, ikasleek 4 hizkuntza gutxienez ikasiko dituzte, B2-C1 maila gaztelanian, B2 maila euskaran eta B1 maila ingeleran lortuz.

D eredua: hautapen ekologikoa

Hizkuntza guztiak garrantzitsuak direlako. Edozein hizkuntza ikastearekiko jarrera positiboa bultzatu behar delako.

Zalantzarik gabe, gure seme-alabek eleaniztasuna modu arruntean eta positiboan bizi behar dute. Eta hori da gure apustua, erroak tokian sustraiturik eta adarrak mundu globalean zehar.

Ekologia ez da bakarrik inguruneaz arduratzea; aitzitik, hizkuntza eta kultura aniztasuna zaintzea ere bada. Hizkuntzak mundua ulertu ahal izateko ikusmira anitzak dira. Ikuspuntu alternatiboak izatea, hau da, dibertsitatea ezinbestekoa dugu. Estualdi batean denok modu berean jokatzen badugu hanka sartzeko aukera gehiago dugu. Argi dago hizkuntzak zaintzeak herrien arteko elkarrizketa eta bakea bultzatzen duela.

Hizkuntza iraunarazteari esker garatzen eta elkar komunikatzen dugu identifikatzen gaituzten hizkuntza eta kultura errekurtsoak suntsitu gabe, gizakien eta gizarteen berezko eta utziezinezko duintasuna zainduz. Horrela, hizkuntza hierkakiarik gabeko eleaniztasunaren balorean hezitzea garrantzitsua da oso.

Gure seme-alabek bi hizkuntza baino gehiago ikasiko dituzte, kultura eta hizkuntza aniztasunaren aldeko jarrera positiboa landu eta edozein hizkuntzarekiko ikasteko interesa bereganatuko dute. Honek izugarri aberastuko ditu gure seme-alabak, munduko edozein kulturatan errespetu eta erraztasun osoz joka dezaten.

Sinatzaileak

-Ikastolen elkartea

-NETLE: Nafarroako euskara teknikarien lanbide elkartea

-NIZE: Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkartea

-Sortzen Ikasbatuaz

-Topagunea