Kulturarteko VI. Plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak Herritartasunaren, inmigrazioaren eta asiloaren kulturarteko VI. Plana aurkeztu berri du. Hizkuntza aniztasunaren eta euskararen ikuspegia orain arteko planetan baino nabarmenago jasota dago. Era berean, Migrazio eta asiloko euskal foroak aurrerantzean euskara eta hizkuntza aniztasuna landuko dituen azpibatzordea izango du.

 

Herritartasunaren, inmigrazioaren eta asiloaren kulturarteko VI. plana

Hizkuntza ikuspegia (euskara) zeharkako moduan jaso dute Eusko Jaurlaritzako Herritartasunaren, inmigrazioaren eta asiloaren kulturarteko VI.planean, generoa eta giza eskubideen ikuspegiaren maila berean. V. Planak ez bezala, “arreta bereziko arlo gisa” nabarmentzen du euskara VI.Planak. Hauek dira plan berriak jasotzen dituen aipuetako batzuk:

Hizkuntza-ikuspegia (euskara): gure bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, ezagutzea, erabiltzea eta sustatzea da atzerritar jatorriko pertsonen gizarteratze prozesuan aurrera egiteko zutabe eta baldintzetako bat. Prestakuntza prozesuak eta lan-merkaturatzeko prozesuak errazten dituen elementu gisa ez ezik, interakzio sozialerako eta norberaren ahalduntzerako ere ezinbesteko elementua da.

 

Euskara funtsezko elementua izan daiteke prestakuntza eta enplegua lortzeko, elkarbizitza osorako, integraziorako, gizarteratzeko, egungo gizarte-mugikortasunerako eta etorkizuneko belaunaldien mugikortasunerako, baita, azken batean, kulturatekotasun-prozesu orokorrerako ere. Euskararen zeharkako ikuspegi horrek eguneroko bizitzako arlo guztietara eramaten bagaitu ere, bereziki garrantzizkoa da hezkuntzaren, lan-munduratzearen eta kulturarteko bizikidetasunaren arloetan.

Plan berriak hizkuntzaren ikuspegia jaso izana pozgarria da. Euskaltzaleen mugimenduak azken 12 urteetan euskararen biziberritzea eta hizkuntza aniztasuna lotzen eta sustatzen egindako lana bide horretan joan da. Euskaltzaleen Topaguneak tarte honetan zenbait egitasmo izan ditu martxan, euskara elkarteekin eta udalekin elkarlanean horietako batzuk. Auzoko programa, Zubideiak gizarte elkarrizketa, Lingolang edo Hurbiltzen programak dira aipatu daitezkeenetako batzuk.

Euskaltzaleen Topaguneak 2019an sinatu zuen Migraziorako euskal itun soziala, ituna aurkeztu zen egunean bertan, beste hainbat gizarte eragile eta eragile instituzionalekin batera.

Hurrengo urteetarako ere aniztasunaren arloan sakontzeko asmoa dugu Euskaltzaleen Topagunean. 2021eko urtarrilean Topaldia jardunaldia gogoeta egiteko balio izan zuen eta gerora aniztasun arloko estrategia berritua lantzen aritu gara. Datozen urteetarako norabidea finkatuta dago eta aniztasun arloa lantzeko tresnak lantzen eta hedatzen jarraituko du Topaguneak, baita elkarlan harreman berriak lantzen ere.

 

Inmigrazio foroaren berregituraketa

Aipatutako Herritartasunaren, inmigrazioaren eta asiloaren kulturarteko VI. Plana onartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak orain arte Inmigrazio foroa izan dena berregituratuko du 2022ko dekretu berriarekin. Foroan bi aldaketa nagusi egongo dira: batetik, Migrazio eta asiloko euskal foroa izena hartuko du hemendik aurrera eta, bestetik, bi azpibatzorde berri sortuko dira, bat asiloaren kudeaketa lantzeko eta bestea euskara eta hizkuntza aniztasunaren ingurukoa.  Euskaltzaleen Topaguneak bigarren azpibatzorde horretan parte hartuko du hemendik aurrera.