Kultur Errotaren 1.500. emanaldia

Kultur Errota 1500 - aurkezpenaKultur Errota kultur zirkuituak hamar urte beteko ditu aurten, eta ez da ekimenaren inguruko zenbaki borobil bakarra. Aste honetan bertan, maiatzaren 29an, 1.500. emanaldia eskainiko du hamar urte herriz herri eman dituen zirkuituak. Gertakari biak ospatzeko, ekitaldi berezia izango da 29koa.

Formatu txikia eta kalitate handia

Formatu txikiko baina kalitate handiko ikuskizunek osatzen dute Kultur Errotaren eskaintza. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak bazkide dituen euskara elkarteen lana errazteko sortu zuen duela hamar urte: urtean birritan, federazioak 120 ikuskizunez osatutako katalogoa luzatzen die elkarteei, bakoitzak bere herrian egokien jotzen duen programazioa osatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendari Nagusia den Miren Dobaranek azpimarratu duenez, « garrantzitsua da euskarazko kultur eskaintza kalitatezkoa izatea, eta horretan ekarpen handia egiten du Kultur Errotak ».

Eskaintza, esan bezala, formatu txikiko baina kalitate handiko ikuskizunek osatzen dute, denak ere euskarazkoak, askotarikoak: antzerkia, musika, haurrentzako ikuskizunak, literatura, diaporamak… BBK Fundazioko zuzendaria den Gorka Martinezen esanetan, « formatua Fundazioaren oso gustukoa izan da hasiera-hasieratik, eta 1.500. ediziora iritsi izanak argi erakusten du lana ondo egin dela ».

Kultur Errotaren lehenengo emanaldia Elgoibarren izan zen, 1998ko azaroaren 13an. Urte hartan, 26 emanaldi zuten zirkuituan parte hartu zuten hamaika elkarteek. Harez geroztik, nabarmen hazi da Kultur Errota: azken edizioetan, 50 euskara elkartek hartzen dute parte haren antolaketan, eta urtean 200 emanaldi eskaintzen dira. Horrela, kultur azpiegitura erraldoien eskaintza osatzen da, kultura gune txikiagoetara ere hurbilduz, eta aukera ugari eta askotarikoak eskaintzen dira euskaraz gozatzeko. Gipuzkoako Foru Aldunditik ere, Estibalitz Alkorta Euskara Zuzendariak « bereziki eskertu nahi du kultura herri txikietara hurbiltzeko ahalegina ».

1.500. emanaldia, Eibarren

Esan bezala, maiatzaren 29an 1.500. emanaldira iritsiko da Kultur Errota. Topaguneak ez du aukera alferrik galdu nahi, eta ikuskizun berezia prestatzen ari da kopuru gogoangarri horretara iritsi izana ospatzeko. Hala, enkargua egin dio Ander Lipus antzerkilariari ikuskizun berezi bat prestatzeko. Ikuskizun horrek Kultur Errotaren ezaugarriak islatuko ditu, eta antzerkia, musika eta literatura uztartuko ditu, Lipusen beraren, Gikitxaro antzerki taldearen, Asier Serranoren eta Kokein taldearen laguntzaz.

Ikuskizuna, erabat irekia izango dena, Eibarko Portalea Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan. Kultur Errotaren inguruan aritutako lagun guztiek bertaratzeko gonbidapen berezia jaso dute, baina, antolatzaileek azpimarratu dutenez, “ekitaldia erabat zabala izango da, eta nahi duen edonor etor daiteke gurekin ospatzera”. Ospakizuna borobila izateko, modakutxoa jateko aukera ere ez da faltako ikuskizunaren ostean.